Hasierako argazki hura bilatu genuen webgunean 1871ko argazkia zela zioen. Aranbarrik, ordea, Historia fotográfica de la última Guerra Carlista (Juan A. Pardo eta Juantxo Egaña, 2007) liburan bestelako datuak eta argazki gehiago aurkitu eta lapikue.netera bidali dizkigu. Liburu honek dioenez, argazkiak 1874aren amaieran edo 1875aren hasieran ateratakoak dira. Gainera, guk hasieran jarritako argazki huraz gain beste hiru ere agertzen dira, azalpen eta guzti.
Bertan jartzen duenez, beste hiru argazkiak Artilleroen eskolako ikasleek aginduak jasotzen dituzten uneakoak dira. Laugarrenari, guk genuen hari buruz, berriz, hauxe dio: "Ikasleen ariketak ikusi ostean Amado Claver koronela eta Amador Villar, Juan Maria Maestre, Luis de Pagés eta Antonio Brea generalak".
Hori bai, hemen ere, argazkiak Azpeitiko plazan aterata daudela dio, baina Lapikuek berriro Eliasi bidali dizkio lau argazkiak eta hauxe berak esandakoa: "Argazki bakarraren ordez gehiago ikusita, nire iritzian jarraitzeko oinarri handiagoa dut. Lau argazkietatik, 1. 2. eta 4. behintzat, zalantzarik gabe iruditzen zait garai batean Barrenkale zena eta gero Perez Arregi enparantzan ateratakoak direla, lurreratutako Bikuña etxearen ondoan. Eta laugarrena ere seguraski inguru berean, baina alboko etxearen zatia ikusten dela. Ez dut uste, Enparantza Nagusian sekula halako itxurarik zuen etxerik izan zenik, eta arku zahar handiak dituk oinarri nagusiak. Plaza hitza erabiltzea berriz ez da harritzekoa, berez zabalgune handi bat izango zenez ingurua".