Talde berria da Abaro, baina bertako partaideek urte asko daramatzate musika munduari lotuta. Maite Bereziartua (pianoa), Iraia Bereziartua (biolontxeloa eta biolina) eta Felipe Murilloren (ahotsa) artean osatu zuten Abaro, eta ostiralean, Sanjuandegin, 22:00etatik aurrera emango dute kontzertua Azkaiter Pelox taldearekin batera. Maite Bereziartuak taldeko piano jolea izan da Lapikue.net-ekin.
Zer dela eta sortu zenuten taldea?
Iaz, Felipek izandako ideia betetik sortu zen taldea. Hark Asteburu Musikaletarako eta Sanjuandegiko Festetarako moduko kontzertu bat emateko talde bat sortzeko ideia izan zuen. Iraia, Felipe eta hirurok aspalditik ezagutzen gara, eta hark bioi azaldu zigun ideia. Horrelaxe sortu genuen taldea.
Eta noiz hasi zineten entseiatzen?
Ba... ez naiz ondo akordatzen, baina nik uste urte hasieran-edo hasi ginela. Elkartu eta kantak aukeratzea izan zen lehenengo lana. Ondoren hasi ginen entseiatzen.
Ze tipotako musika egiten duzue?
Hasieratik garbi genuen euskal kantak joko genituela. Kontuan izanda bateriarik ez dugula, Euskal rockeko baladak jotzen ditugu gehien bat. Musika lasaia egiten dugu, terraza batean zaudela gustura aditzeko modukoa.
Orain arte bi kontzertu eman dituzue, zer moduzko esperientzia izan da?
Esperientzia ona izan da. Lehenengo kontzertua ekainaren hasieran Sanjuandegin eman genuen. Auzoko festetarako antolatutako ekintzen barruan eman genuen kontzertua. Hango esperientzia ikusita, eta kontzerturako kantak prestatuta genituela jakinda, beste kontzerturen bat emateko asmoa sortu zitzaigun. Hirurok Getariako Musika Eskolan egiten dugu lana, eta Getarian proposatzea pentsatu genuen. Orain dela astebete-edo eman genuen han kontzertua; kontzertu oso goxoa izan zen hura, itsasoaren ondoan.
Eta hemendik aurrera zein dira zuen asmoak?
Abaro sortu zenean, ez zen luzerako sortu. Gauza puntual bat izango zela uste genuen, baina gustura ari gara oraingoz. Aurrera begira ez dugu asmo zehatzik, datorrenari helduko digu gustura gabiltzan bitartean.