Iazko Gipuzkoako Kantu Txapelketako finalistek zapatuan kontzertua eman zuten Ordiziako plazan. Han izan ziren Arantzetan musika taldeko kideak, 2009ko txapelketan taldekako lehian bigarren gelditu baitziren. Ordizian emandako kontzertu hori grabatu egin zuten, gainera, eta Euskal Kantagintzaren Uhin Berriak diska argitaratuko dute grabaketa horrekin.
Arantzetan taldeak 2 kantu grabatu zituen, iazko Gipuzkoako Kantu Txapelketan kantatutako bi kantuak, hain zuzen: Arantzetan eta Moskuko kaleetan. Taldean konposatutako kantuak dira biak.
Zapatukoa, "esperientzia positiboa" izan da Joseba Izagirre Arantzetan taldeko kidearentzat. Hala ere, "tentsio pixka bat ere izan genuen, guretzat gauza berria baitzen", azaldu du. "Parte hartzaile asko ginen, eta jende asko bildu ginen. Inoiz ez genuen zuzenean grabatu, eta guretzat erronka handia izan zen. Baina esan bezala, oso esperientzia positiboa izan da taldearentzat", gaineratu du.
Oraindik ez dute entzun grabatutakoa, baina diskoa datozen hilabeteetan esku artean izatea espero dute.