Maiatzaren hasieran jarri zuen Erniarraitz Bertsozale Elkarteak bere azken bertsoa egoitzako balkoian. 2006ko uztailean ipini zuen aurrena hantxe, Perez Arregi plazako Telefonica zaharreko eraikinean. Honakoa izan zen lehen bertso hura:
Kaixo herritar eta
kaixo erbesteko
iritsi da ordua
pantaila pizteko
hemen izango nauzu
pare bat asteko
alperrikan nagonik
ez duzu usteko
puntua jartzen dizut
bertsotan hasteko
Ia lau urte eta 200 bertsoren ostean, agurreko bertsoa idatzi dute, eta laster itzaliko dute pantaila betirako. Honatx azkeneko alea:
Aukera izan gendun
pantaila pizteko,
balio izan zuna
bertsotan hasteko,
berrehun bertso inguru
batanaz besteko,
iritsi da ordua
leihoa ixteko,
agur herritar eta
agur erbesteko