Sanagustin kulturguneko obrak bukatuta daude, baina Espainiako Gobernuko Etxebizitza Ministerioaren azkeneko balekoa falta da irekitzeko —bera ari da obra osorik finantzatzen—.
Azpeitiko Udalak eta biek 2006ko urrian sinatu zuten protokoloaren arabera, Sanagustin antzerkirako eta kultur erabilerarako izatea izan ziren gobernuak jarritako baldintzak. 1.836.891 euroko laguntza eman zuen lanak egiteko, obratan 2007ko maiatzean hasi ziren eta, akordioak dioenez, bukatzeko epea urtebetekoa zen. Azpeitiko Kultur Mahaiak ondoren, ekipamendua hobetzeko txostena egin zuen —azken batean, kulturgunean teknikoki edonork edozein ekitaldi mota antolatu ahal izateko—, eta Espainiako Gobernuak iazko otsailean beste 300.000 euro bideratu zituen horrako baina, aldi berean, esan zuen berrikuntza horregatik ezingo dela jakin Sanagustin noiz ireki ahal izango den.
Eta hor dago Kultur Mahaia, Udala bezala, zain. Ez dirudi asko falta denik, baina...
Lehengo astean Kultur Mahaiko batzarrean Sanagustinen gaiak irten zuen, eta irekiera izaten ari den atzerapenarekin kezka agertu zuten taldeek. Bilera bukatu ostean azpiegitura ikustera joan ziren. Haietako askok ez zuten ikusia Sanagustin berritua barrutik. Lapikue.net-ek bisitarekin bideoa egin du, herritarrek ere ikus dezaten azpiegitura.
Udaletxe azpian dago kulturgunea, eta garai batean eliza zen. Leku handia da, eta herriko kultur mugimendurako garrantzitsua izan daiteke.