Pedrotxo, lagun eta maisua

Imanol Elias OdriozolaAsteartean hil zen Pedro Etxeberria Etxaniz dantza irakasle aitzindarietakoa.

Azken urteak San Martin Egoitzan egin ondoren joan zaigu Pedro Etxeberria Etxaniz. Atzeko atetik isilean ihes egin nahirik bezala, euskal dantzari zuen guztia eskaini ondoren. Azpeitian Oargi Elkartea sortzean plazaratu zen berriro, aurrez dantzaria izan zenez. Maisu baten beharra zuen aipaturiko elkartearen inguruan sortu zen dantzari taldeak, eta ezkutuan egon nahi bazuen ere, ezin izan zion ukorik egin deiari. Sasoiko neska-mutilak zituen lanean hasteko prest, ohitura zaharrak indartzeko gogoarekin eta bat egin zuen horrela Loiola Dantza Taldearekin.

Gogoratzen ditut lehen entseiuak, batez ere bizitazun berezi bat sortu nahirik dan-tzarien mugimendu guztietan, sekula hitz bat altuago egin gabe, baina bere bizitasuna agertuz une guztietan. Txikia, baina bizia izan ere Pedrotxo eta maisu ezin hobea, guztiei entzuten zekiena eta zuzenketak egin behar zirenean lasaitasunez jakinarazten zituena gauzak eta gainera dantzatuz. Ez zuen pazientzia txikia hartu behar izan lehen batetan behintzat, sasoiz beterik ziren gazte haiek bere esanetara jartzeko. Tartean izan nintzen denboraldi batean, baina jarraitu ezinean gelditu nintzela aitortu behar dut nire lagunen martxari, konturatu nintzen bitartean, dantzarako behin-tzat ez nuela inolako trebetasunik. Beste guztiei bezala, ahalegindu zen maisua, lagun bihurturik, niri animoak ematen, baina askorengan lortu bazuen ere beraren nahia, nirekin alferrikakoa suertatu zitzaion, antzerkia aukeratu nuenez lanean jarraitzeko.

Pedrotxoren lana, ordea, gogoan geldituko zait betirako. Inor baino lehen agertzen zen aukeratutako ordurako eta ez zuen izaten presarik etxera bihurtzeko taldearekin lanean zenean. Jendaurrean agertu behar zenean, ordea, gehienean ezkutuan gelditu nahi izaten zuen, behin baino gehiagotan besoetatik tiraka ateratzen zuten beraren ikasleek. Hitza eman zion taldeari ahaleginduko zela eta bai bete ere erabat, jarraituz lanean urteetan taldeak beste deitura bat hartu ondoren ere. Euskal dantza zen beraren amets eta arnasa, ia bizitza osoa eskaini zionez. Aurtengo urtean bete behar zituen ehun urte azaroan, baina beste nonbaiten ere behar zuten maisua eta laguna... Goian bego.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide