Dagoeneko 10 urte bete ditu Erniarraitz Bertsozale Elkarteak. 10 urte etengabe lanean, etengabe euskal kulturaren aldeko lanean. Lan guzti horren islada izan da aurtengo urteurren borobilerako antolatu duten guztia. Zapatuan bukatu zituzten ospakizunak, baina ez nolanahi; bertso-afari bikaina izan zuten Ziripot elkartean. Bertan kantari, Andoni Egañarekin batera Xabier Euzkitze eta Jon Sarasua. Azken bi horiek ez dira jendaurrean bertso-kantari aritzen, eta oso gutxitan izaten da horiek entzuteko aukera. Zapatuan, Erniarraitzekoek ederki gozatu zuten haien bertsoekin.
Erronka "handia" zen Erniarraitzentzan urtemuga horretan ekitaldi sorta antolatzea, eta gauza batzuk "uste baino hobeto" ere irten zaizkie Laxaro Azkune Erniarraitzeko kidearen ustez. Gustura dago egindakoarekin. 10. urteurrena nola antolatu eta ospatu pentsatzen hasi zirenean ideia solte asko zituzten, eta guztiak lotzen zituen haria bilatu nahian ibili ziren. Azkenean, hari horri tiraka etorri dira beste guztiak: "Bailara honetako bertsogintzan egiten zena bildu nahi genuen bideo baten bitartez, Azpeitiak herri-gutuna jaso zuela 700. urteurrena ospatzen dela-eta, horrekin ere lotu nahi genuen... dena biltzea izan da lana", dio Azkunek.
Ospakizunak Elegante Egunean, Karnabaletan, hasi ziren, egun horretan bertso-paperak kantatuz ibili ziren kalean Beñat Lizaso eta Leire Ostolaza Erniarraitzeko koadrila ondoan zutela. Ondoren hasi zen Erniarraitz sariketa; bertsolari gazteen sariketan 18 lagun aritu dira norgehiagoka, horien artean Erniarraitzeko ikasleak. "Orokorrean gazteek maila ona eman dute, kontuan izan behar da bertsolari gazteak direla, eta ale politak entzuteko aukera izan da. Baina nola ez, irristada batzuk ere izan dira. Nik uste dut parte hartzen dutenak estimatzen dutela sariketa hau", azaldu du Azkunek. Bertsozaleek ere ongi erantzun dute: "Ez dakit Euskal Herriko Txapelketaren aparra-edo zer izan den, baina aretoak beteta izan ditugu sariketako saioetan, eta gustura gaude erantzunarekin".
Sariketaren ondoren etorri dira bertsolaritzari buruzko mahai-ingurua, eta bukatzeko, bertso afaria. "Bertso-afaria, hasieran, Erniarraitzekoontzat zen, gure arteko zerbait zen, baina horrelakoetan beti biltzen da jende gehiago. Urteurreneko bilera batean bota zuen kide batek ideia, eta hortik sortu zen ideia", azaldu du Azkunek. Ez zuten uste baietzik emango zutenik Sarasua eta Eguzkitzek, baina Imanol Lazkanoren laguntzaz biak konbentzitu zituzten Azpeitira etortzeko.
"Jakinmina genuen garai beretsuan hasitako hiru bertsolari horiek artean berriro zer sortu zitekeen jakiteko. Hirurek hasieran batera xamar ibili ziren, bai sariketetan eta baita txapelketetan ere. Gero, bi isildu egin ziren, eta zer sortu litekeen kuriosidadea genuen".
Euzkitze ere "gustura"
Xabier Euzkitze bertsolari azpeitiarra oso tarteka ibiltzen da bertsotan. Oso bakanak eta lagun artekoak izaten dira bere saioak. Aurrekoan, Azpeitian, Erniarraitzekoekin, gustura aritu zen. "Neure kasa asko aritzen naiz bertsotan. Kotxean ordu asko pasatzen ditut, eta han bertso asko kantatzen ditut, baina gogorik gabeko jarduna izaten da hori", dio Euzkitzek. Oraindik "bertso-errota bizirik" du barruan, eta etorriaren iturria ez du agortu.
Hala ere, jardun horretatik bertso-afarira salto handia dago: "Bertso-afarian jendaurrean kantatzen da, eta estutu egin behar da burua ongi kantatzeko. Gainera, Erniarraitzekoen artean entzule kualifikatu asko zeuden: Imanol Lazkano, Joxe Agirre Oranda, Laxaro Azkune...". Baina hala ere guztiz ere "oso eroso" aritu zen Euzkitze. "Egia esan oso eroso eta gustura sentitu nintzen. Ez zirudien dozena bat urte pasatu zirenik hirurok elkarrekin kantatzen genuenetik, eta, gainera, hiruretako bik azken urte luzeak isilik pasatu genituenik", dio.
Laguntza handia izan omen ziren eroso eta gustura sentitzeko bertso-lagunak. "Bentaja handia da horrelako bertso-lagunak izatea. Nik Maialen Lujanbio eta Amets Arzallus ere oso gustuko bertsolariak ditut, baina haiekin kantuan ez nintzen hain eroso sentituko", dio Xabier Euzkitzek.
Euzkitze eta Sarasua Azpeitira etortzeko motibo handiena Imanol Lazkano izan omen da: "Niri Imanolek deitu zidan Erniarraitzekoen asmoen berri emateko. Nik errazena egin nuen; Sarasuak baietz esaten bazion ni ere joango nintzela esan nion", dio erdi barrezka. Zaila baita Lazkanori ezetz esatea beraientzat.
Orain, ordea, eskaera gehiago jaso ditu: "Saioa bukatu eta ea hurrengo urtean ere joango al nintzen galdetu zidaten, segituan. Gero, Bizkaitik ere deitu didate... nik oso garbi dut garai batean hartu nuen erabakia, eta niretzat bertso-saio hauek gozatzeko dira, eta oso garbi dut oso bakanak izango direla nire saioak".