Berria-k igandeko elkarrizketa informal horietakoa egin dio Sebastian Lizasoazpeitiar bertsolariari, eta hona hemen bertso arloaz dioena.
Landeta auzoan jaioa zara, eta nola gogoratzen duzu orduko hango giroa?
Gure etxea zen hango taberna bakarra, eta orduan jende pila geratzen zen bertan. Errepidea ere ondoan zegoen. Han beti bazen kantua, apustua, adar jotzea eta hitzekin jolas egiteko giro hori. Buruko gimnasia eguneroko ogia zen, eta han erne ibili beharra zegoen, jendea nondik harrapatuko ibiltzen zen eta.
Kantua ere bai?
Bai. Gogoan ditut hernaniar bat eta nafar bat, egoskorren mahaia deitzen genion hartan eseri eta ikaragarri kantatzen zutenak. Aitaren ondora ere bertsolariak biltzen ziren; hura mamitu dut nik, hura izan dut eskola, eta han ikasi nuen nik radarra beti piztuta edukitzen.
Radarra?
Bertsolariok beti adi ibili beharra daukagu, erne gaiekin, jendearekin. Ez didazu sinistuko akaso, baina oraintxe bertan nik badakit hango mahai hartan zertaz ari diren hizketan. Uztapide-k ere esaten zuen herri batera joan eta lehenengo inguratzen denarekin kontuz ibiltzeko. Hori da radarra martxan edukitzea.
Memoria oso onekoa omen zara. Lehenbizikoz plazan non kantatu zenuen?
Gabirian, 16 urte nituela. Murua zen gai jartzen, eta tartean ziren Zeberio, Legorretako Mujika eta Argiñarena nafarra.Urtebete lehenago ere deitu zidaten, 15 urterekin, eta baietz erantzun nien. Aitari galdetu nionean, ordea, hauxe bota zidan: "Gaztetan hartutako belarrondokoa ona izaten duk; segi nahi baduk". Arroan zebilen apaiz ataundar bertsozale bati ere, Don Juan txikiri, galdetu nion, eta hark berriz, gaztetan hartutako belarrondokoa ona izaten dela gerorako ere. Bateko belarrondokoa, besteko burukoa, han gauza onik ez zela pentsatu nuen, eta ez nintzen joan.
Harrezkero, 37 urtean 100 plaza pasata urteko.
Aurreko batean Andonirekin [Egaña] autoan nindoala, kontuak ateratzen hasi zen, eta esan zuenez, berak 2.300 inguru baditu, eta nik 400en bat gehiago. Bigarrena ere ez da ahaztekoa, Azpillagarekin kantatu bainuen Mutrikuko festetan. Hura orduan niretzat San Dios zen. Gero bazkaltzera joan ginen, eta abakando bana ekarri ziguten; niri kilo eta 700ekoa, eta hari kilo eta erdikoa. Niri ez zait gustatzen, eta biak jan zituen.
Belaunaldi hartatik zerekin geratuko zinateke?
Bertsotan sortzen zuten elkarrizketarekin. Bertsoak duen ederrena bukaera da, eta haiek erantzunean ematen zuten indarra. Horretan maisu ziren. Orain bertsoa goitik behera kargatzen da, eta bukaerak arinagoak dira.
Konpromisoan jarri behar zaitut. Bat apartatu iezadazu?
Garbi daukat: Basarri. Niretzat Egaña etorri arte bera izan da onena. Bide markatzaile aparta, eta segur aski bere ibilbide osoan bertso on gehien eta txar gutxien bota dituena.
Zuk zuek aipatu didazu Egaña. Berezko bikotea?
Bikoteak herriak egiten ditu, bertsotarako lagunak normalki antolatzaileek aukeratzen baitituzte. Andoni eta biok, Jesus!, elkarren berri badakigu... Hara, Bizkai aldera bagoaz, Elgoibarko Usatorren geratzen gara, eta beste aldera bagoaz, Zarauzko surtidorean. Bada, azken 27 urtean elkarren zain ez dugu ordu laurdena ere galdu. Beti 5 minutu lehenago geratzen gara, eta kantuan ere beti ni hasten naiz aurrena.
Berriketa eta isiluneak, hainbeste urtean.
Elkarrizketa, batez ere. Isilik gutxi egoten gara, hark lo egiten duenean bakarrik. Horretan oso ona da, lo geratzen. Ikaragarrizko abilidadea du.