Blonda behien lehian, biga kategorian, lehen bi sari jaso ditu Eizmendik

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 22a, 18:33

Agite baserriko Antonio Olaizolak ere hartu zuen parte Heletan egindako Euskal Herriko Blonda Arrazako Lehen Biga Txapelketan eta ez zen esku-hutsik itzuli: haren Fite izeneko bigak hirugarren saria lortu zuen.

Azpeitiko Eizmendi baserriko ganadutegiko biga motako bi behik lehen saria jaso zuten joan den igandean Heletan (Nafarroa Beherea), Euskal Herriko Blonda Arrazako Lehen Txapelketan. Hogeita hamar ganadutegitako 120 bigak hartu zuten parte Heletako lehiaketan, horietatik 26 ustiategi Iparraldekoak izan ziren, eta beste lau Hegoaldekoak.

Azpeititik bi ganaduzalek hartu dute parte txapelketan: Eizmendi baserriko Luzia Orbegozok eta Agite baserriko Antonio Olaizolak. Gipuzkoatik joan zen hirugarren ganaduzalea, Aretxabaletako Torrena baserriko Jesus Kortabarria izan zen. Bizkaitik, berriz, Markinako Ilaispe baserriko Angel Arriola joan zen lehiatzera. Heletako txapelketan hegoaldeko abelburuak hamasei izan ziren.

Hegoaldeko ganaduzaleak gustura itzuli ziren txapelketatik, eta lehiaketaren inguruan balorazio ona egin dute. Azpeitiko Eizmendi baserriko Luzia Orbegozok lehen bi sari lortu zituen, Eguzkiñe eta Feli izeneko bigekin. Agiteko Antonio Olaizola ere ez zen esku-hutsik itzuli Heletatik, haren Fite izeneko bigak hirugarren saria lortu baitzuen Euskal Herriko txapelketan.

"Maila bikaina"

Euskadiko Blonda Elkarteko ordezkariek nabarmendu dutenez, Euskal Herriko Biga Txapelketaren 11 ataletan Jerome Negre izan zen epailea, Frantziako Casteljaloux-eko testaje zentruko zuzendaria. "Negrek txapelketara aurkeztutako animalien maila eta prestaketa-egoera bikaina goraipatu zituen", azaldu dute blonda arrazako ganaduzaleen elkartekoek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide