Buruko eritasunei buruzko jardunaldiak antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko mar. 23a, 17:50

Agifesek (Gipuzkoako Familia eta Eri Psikikoen Elkartea) antolatu ditu, gaixotasunak dituzten pertsonen senitartekoei zuzenduta daude eta Azpeitian eta Zarautzen egingo dituzte. Azpeitiko saioak martxoaren 26an, apirilaren 19an eta maiatzaren 3, 17 eta 31n izango dira, Baigera I-eko aretoan. Izena emateko, 943 474337 telefonora deitu behar da, edo udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jo.

Buruko gaixotasunak dituzten pertsonen senitartekoentzako ikastaroa antolatu du Agifesek (Gipuzkoako Familia eta Eri Psikikoen Elkartea) Azpeitian eta Zarautzen. Bost eguneko ikastaroa izango da. "Elkartekook etxean gaixomental edota psikikoak dituztenengana gerturatzeko asmoarekin antolatu ditugu jardunaldiak", dio Iker Arrizabalagak, Agifeseko familia esku-hartzeen koordinatzaileak.

Buruko gaixotasunei buruz ikasi, eta elkarbizitza hobetzeko helburuarekin bosna saio antolatu dituzte. Azpeitian aurrenekoa datorren astelehenean izango da, eta Zarautzen, berriz, asteazkenean. Aurrez izena ematea komeni da. Horretarako, Agifes elkartera deitu edota herri bakoitzeko gizarte zerbitzuetako bulegora jo daiteke. Behin jardunaldiak hasita ere izena emateko aukera dago, nahiz eta lehen saioa galdu besteetara joateko aukera izango da.

Saio bakoitzean gai bat

Saio bakoitzean gai jakin bat landuko dute, eta buruko gaixotasun askotaz hitz egiteaz gainera, dauden baliabideez, babes juridikoaz, laguntzez eta familiaren egitekoez jardungo dute.

Jardunaldi hauek azpiko helburu bat ere badutela dio Arrizabalagak. Buruko gaixotasuna dutenak etxean parte hartzera animatzea da helburu hori. "Etxetik kalera irten dezatela da helburua. Jendea aurpegia ematera ausar dadin nahi dugu. Oraindik ere, herrietan-eta nahiko estigmatizatuta daude buruko gaixotasunak". Agifesekoek badakite herrietan buruko gaixotasunak dituen jende asko dagoela. "Baina gaur egun gaixotasun psikiatrikoen inguruan aurreiritzi asko dagojendearen artean".

Hogei lagun Azpeitirako

Donostiako egoitzan antolatu dituzte jardunaldiak, baina horien informazioa zabaltzeko eskualdeko udaletako gizarte zerbitzuetako teknikariekin elkarlanean jardun dute Agifesekoek. "Udaletan lan handia egin dute jardunaldi honen berri familiei ematen. Dagoeneko Azpeitiko jardunaldietarako hogei bat lagun daude izena emanda", esan du Agifeseko langileak.

Azpeitiko saioak martxoaren 26an, apirilaren 19an eta maiatzaren 3, 17 eta 31n izango dira, Baigera I-eko aretoan. Izena emateko, 943 474337 telefonora deitu behar da, edo udaletxeko Gizarte Zerbitzuetara jo.

Ikastaroaren egitaraua eta gaiak

Hauek dira landuko dituzten gaiak:

  • Zer da gaixotasun mentala?, Iker Arrizabalaga Agifeseko esku-hartze familiarren koordinatzailearekin.
  • Egitarau sanitario eta soziosanitarioak, Azpeitian Jone Larrañagarekin, Sarquavitaeko Osamen-Azpeitiaren koordinatzailearekin.
  • Gaixotasun mentala duen pertsonaren babes juridikoa, Gotzone Astiasaran Fedeafaseko abokatuarekin.
  • Laguntza sozialak eta errekurtso ekonomikoak, Veronica Pazosekin, Agifeseko gizarte langilea.
  • Familiak zer egin dezake?, Iker Arrizabalaga Agifeseko esku-hartze familiarren koordinatzailearekin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide