Eskuin hankako zuntz haustura baten ondorioz hiru astez geldirik egon ondoren, aurreko jardunaldian hasieratik eta partida osoa jokatu zuen Villarrealen kontra Mikel Labakak. Ez daki igandean Anoetan errepikatzeko aukerarik izango duen, baina gogorik ez zaio falta.
Aste honetan dei asko ariko zara jasotzen, taldekide ohienak eta kazetarienak, ezta?
Oso aste berezia da, bai. Taldekide ohiekin urte osoan mantendu dut harremana eta, alde horretatik, aste hau ez da apartekoa izan. Bestela bai, eta normala da. Neuk ere sentsazio bereziak ditut. Hurrengo partidan pentsatzen jartzen zara eta, Anoetan izango dela pentsatzea bakarrik... ba bai, sentsazio bereziak dituzu; azken finean, zortzi urte pasatu nituen hor. Vallecasen izan nuen Realaren kontra jokatzeko aukera, baina badakit, horko partida jokatzeko aukera izaten badut, badakit oso desberdina izango dela.
Inoiz pentsatu al zenuen Anoetan eta Realaren kontra jokatzea tokatuko zitzaizunik?
Ez, egia esan. Inoiz ez naiz izan urrutiko planetan pentsatzekoa. Realean nengoen bitartean, nire asmoa beti izan zen hor jarraitzea. Gaur egun Rayo Vallecanon banago ere, egoera hala suertatu delako da; hasiera batean, neure borondatez baino gehiago, aukera hori sortu zelako eta pausoa eman behar nuelako. Egoera berezia izango da niretzat baina, bestalde, badaukat sentsazio horiek bizitzeko gogoa ere. Ea nola joaten den.
Hasieratik jokatzeko esperantzarik bai?
Esperantza beti egoten da, baina ez dakit. Min hartuta egon naiz hiru astez eta, gero, azkeneko partida hori jokatu egin dut. Ez dakit entrenatzaileak aurreko asteko taldea mantenduko al duen, aldaketak egingo dituen... Normalean partida bezperan edo egunean bertan jakiten dugu hori.
Jokatzen baduzu, Mikel Aranburu aurrez aurre edukiko duzu agian, hura ere jartzen badute.
Niretzat berarekin batera jokatzea ja berezia izan bada, bere kontra jokatzea arraroa egingo zait, bai. Realeko beste taldekideekin harremana mantentzen badut, Mikelekin zer esanik ez; astero hitz egiten dugu, astean behin baino gehiagotan ere bai. Lagunak gara, ez da futboleko harremana bakarrik.
Oraindik ez omen du erabaki datorren urtean zer egingo duen. Zuri zer iruditzen zaizu? Zer esango zenioke?
Horretan bai ez naizela sartuko! Mikelek hartu izan dituen beste erabakiak bezala, badakit hori ere ondo hartuko duela. Berak hartu beharreko erabakia da eta, hartzerakoan, zenbat eta pakeago utzi, hobe. Seguru nago hartzen duen erabakia hartze duela, zuzena izango dela; zentzu horretan, nik ez daukat Mikeli esplikaziorik eman beharrik. Neuri, Realeko jarraitzaile eta lagun bezala, bizi osoan hortxe jarraitzea gustatuko litzaidake, badakidalako oso jokalari ona dela. Hor daramatzan urte guztietan, eta oraindik ere bai, onenen pareko maila emateko gai dela erakusten ari da.
Zeurera itzulita, zer balorazio egingo zenuke orain artekoaz denboraldi honetan?
Rayo Vallecanora etorrita, eta liga nola dagoen ikusita, hasiera batean mailari eusteko larri ibiliko ginela pentsatzea zen normalena. Baina talde bezala eta emaitza aldetik, urte ona egiten ari gara -29 jardunaldi beteta, 37 puntu ditu Rayok, Realak baino lau gehiago, eta 12. tokian dago-. Pertsonalki, beti nahi izaten dugu astero jokatzea eta hori ez naiz ari lortzen. Egia da, baita, tarteka ari naizela jokatzen, nahiz eta orain eduki dudan lesio hori atzerapauso bat izan. Baina taldean partaide sentitzen naiz, emaitzak onak izaten ari dira eta, zentzu horretan, gustura nago. Perfektua beti jokatzea da eta hori ez dut lortu, baina jokatu izan dudanetan ondo sentitu izan naiz eta horrekin gelditzen naiz.
Eta Reala nola ikusten da Madriletik?
Nik uste dut Realaren helburua ahalik eta urte gehienetan Lehenengo Mailari eustea izan behar dela. Urte onak tokatzen direnean hori baino zerbait gehiagogatik borrokatzerik badago, borrokatu; baina hankak lurrean eduki behar dira eta jabetu, Lehenengo Mailari eustea kostatu egiten zaiola, ligan gauden talde gehienoi bezala. Realak umiltasuna behar du, eta konplexurik ez, hori horrela esateko; nik, behintzat, horrela sentitzen dut. Bestalde, aurten ere jokalari gazteak ari dira jokatzen, Sansetik gorako pausoa eman dutenak, eta Realarentzat hori ere garrantzitsua da. Uste dut balorazioak egiterakoan ezin zaiola sailkapenari edo emaitzei bakarrik begiratu, beste gauza asko ere kontuan hartu behar dira.