Bikote bat: Roméo eta Juliette
Haur bat: Adam
Istorio bat: Beraien arteko maitasuna
Borroka bat: Gaixotasuna
Milaka gaixotasun mota ezberdin daude.
Momentu honetan bertan milioika pertsona daude gaixorik.
Pertsona adina modu daude gaixotasunari aurre egiten saiatzeko.
Gaixotasunari gerra deklaratzea da horietako bat, borroka egitea alegia.
Martxoaren 22an, Ta3. Azpeitiko Zine Klubak aurten burutuko duen azken emanaldiko protagonistak bezala, zine klubekoak ere gerra deklarazio bat egin nahi dugu. Borroka egin nahi dugu gaur egun uste baino gehiago hedaturik dagoen gaixotasun baten aurka: kultura komertzialaren kontsumoaren aurka.
Agian, ostegun honetakoa izango da Azpeitiko zine klubaren azken emanaldia, oraindik ez dakigu. Ez dago gure esku, noski!
Valérie Donzelli zuzendariak bere filmean egiten duen moduan, guk ere gaixotasunari aurre egiteko borrokan bi arma erabiliko ditugu; baikortasuna eta batez ere umorea.
Gurekin ez bada ere, betiko eredu komertzialetik kanpo gelditzen diren pelikula bikain hauek ikusten jarraitzeko gonbitea luzatu nahi dizuegu.
Gure ustez, gaixotasun asko sendatzeko balio baitute.
Noiz: Martxoak 22, gaueko 21:30etan
Non: Soreasu antzokian