Lehen 10 hilabeteko Bilduko gobernuaren balorazio globalean oinarrituta, 2012ko aurrekontuen kontra bozkatu du Hamaikabatek.
Gobernu berri bati eskaintzen zaizkion konfidantzazko lehen 100 egun aspaldi pasa ziren. Ehun egun ez, hamar hilabete pasa dira eta horrexegatik apirilaren 3ko udalbatzan Hamaikabatek Bilduren gobernuaren balorazio globala egin eta aurrekontuen kontra bozkatu zuen, honako arrazoi hauengatik:
- Gehiengo absolutua duen gobernu batek ez du oposizioaren beharrik aurrekontuak onartzeko, hau guztiok dakigu. Baina gutxiengo esfortzu bat egitea zor dio oposizioari, hurbildu, hitz egin eta aurrekontuak adostuta ateratzeko. Eta ez du egin, ez zaiolako inporta. Alkateak ez du minutu bat ere hartu oposizioarekin aurrekontuetaz hitz egiteko
- Formalki bete da Udalean aurrekontuak onartzeko prozesua, baina batzorde desberdinetan egin den aurrekontuen aurkezpena penagarria izan da. Lehen urte honetako batzordeen funtzionamenduaren balorazioa negatiboa da. Gainera, hamabi batzordeetatik, seik ia aktibitaterik ez dute izan. Batzordeak berrantolatu beharra dago.
- Azpeitia dagoen egoera kezkagarria ikusita, ez dakigu herri bezala nora goazen, ez dugu helbururik, ez erronkarik, ez planik, ez estrategiarik. Udalean ez dago hausnarketarik eta Bildun balego ere, ez da konpartitzen oposizioarekin.
- 2012ko aurrekontuetan orratzia pasa da eta azpeitiarrei eskeini beharreko oinarrizko zerbitzuak ziurtatzen dira. Oso ondo, baina honek ez du meriturik. Garai zailetan hori denek egiten dute, enpresek, familiek... zeren sarrerak jeitsiko badira, gastu arruntak murriztu behar dira. Aurrekontuetan gastu arrunta %10,5 jeitsi da, baina gehiago jeitsi zitekeen daukagun egoera ikusita.
- Aurrekontuetan deigarriena da Alkatetza (%3,27) eta Kirolak (%1,59 –Kirol Patronatua kontuan hartu gabe- departamentuek bakarrik izan dutela igoera. Beste denak jeitsi dira, tartean Gizarte Zerbitzuak (-%3,69), Industria-Merkataritza-Turismoa (-%28,81), Baserriak (-%5). Nola jaten da hau bizi dugun egoera kezkagarriarekin?
- Industriara bideratutako politikarik ez daukagu, ingurumena ez da existitzen udaleko agendan, 3. adineko pertsonentzako ez dago ekintzarik, gazteentzako ekimenik ez, etabar. Tramitezko kontuak bakarrik pasatzen dira batzordeetatik
- Hirigintzaren ikuspuntutik, eta hainbat aldiz eskatu eta gero, Azpeitiko Plan Generalaren berririk eta informaziorik oraindik ez daukagu. Eta ia urtebete pasa da! Datozen 10-15 urteetarako Azpeitiak nola hazi behar du, norantz, industria eta aktibitate ekonomikoak non kokatu, nola egin erosoagoak eta efizienteagoak kirol-ekipamenduak, alde zaharra eta plaza nagusia nola berpiztu... Azken finean, zein dira Azpeitiak behar dituen inbertsio estrategikoak herri bezala aurrera egiteko. Ez dakigu.
- 2012ko apirilean gaude eta oraindik ez dugu eztabaidatu (ez behintzat Udalean) 2012ko inbertsioak non egin behar diren.
- Hondakinen gaian erabakiak Azpeititik kanpo hartzen dira. Oposizioko taldeek prentsatik jakin dugu atez atekoa inposatu nahi dela Azpeitian. Lapatx ixten hasteko urte eta erdi falta da eta noraeza honek ez du lagunduko.
Hamaika arrazoi 2012ko aurrekontuei kontra bozkatzeko eta herritar bezala oso kezkatuta egoteko legealdi honetako lehen urteko Bilduren udaleko kudeaketarekin .