Nondik sortzen da erakusketa bat irekitzeko aukera?
Nik neure proiektuak egiten ditut eta galeriak nirekin harremanetan jarri ohi dira erakusketa bat egiteko nire lanarekin edota, beste batzuetan, erakusketa kolektibo batean parte hartzeko. Nire proiektuak nire webean zintzilikatu ohi nituen, baina orain eraskustokiekin harremana badudanez, nahiago izaten dut erakusketak egin eta gero zintzilikatzea. Uste dut weba erakuslehio oso ona dela baina, hala ere, zuzenean erakusketa bat ikustearekin ezin da konparatu, oraindik.
Erakusketa hau aurrez nazioartean jarri duzu, Madrilen, Parisen, Berlinen eta Evian. Esperientzia ona?
Bai, esperientzia oso ona. Erakusketak egiteko aukera izatea eta bide batez bertara bidaiatzea, jende desberdina ezagutzea... eskertzeko gauza da. Azkenean nik nahi dudana nere lana jendearengana heltzea da, hemen nahiz kanpoan.
Aurrera begira beste nonbait jarriko al duzu?
Donostiako erakusketa hau, gero Iruñeara mugituko da Mapamundistas delako argazkilaritza jardueretara. Bertan erakusketa ipini eta hitzaldi batzutan parte hartuko dut. Eta ziurrenik urte bukaerarako Lisboan beste erakusketa bat izango dut eta Madrilen ere bai.
Zer ikusiko dugu erakusketan?
Animalia serieko 17 argazki egongo dira.
Nola egiten dituzu?
Serie honetako argazkiak nire eta internauten harteko sorkuntzak dira. Nik fondoko argazkiak egin ditut eta gero Flickr-en animaliak bilatu ditut. Bilatu behar ditudan animaliak kondizio ugari bete behar dituzte: argi egokia, erresoluzio altua, testura definitua, kolorearen tenperatura egokia... Behin aurkitutakoan frogak egin behar ditut nire argazkien gainean eta ondo doala ikusten badut, animaliaren argazkiaren jabearekin harremanetan jarri eta permisoa eman behar dit erabili ahal izateko. Oso lan luzea da, baina prozesua oso interesgarria egiten du, ez baita ni eta nire kamera bakarrik, baizik eta internet tresna bezela erabiliz, partehartzaile berriak bilatzen ditut nire helburua modu egokiagoan betetzeko.
Zer dela eta aukeratu duzu animalia gaitzat?
Txikitatik bizi izan naiz naturarekin oso lotua. Urrestillan jaio eta bizi izan nintzen 18 urtera arte. Urrestilla bezalako ingurune batek sortzen dituen naturarekiko loturak erabatekoak dira. Zuhaitz batetan txabola egiten ez bazeunden, arrantzan zeunden ta bestela txori-tranpak jartzen... Azkenean horrek arrastoa uzten du. Hortaz aparte, afizioz ere beti naturan mugitu izan naiz, mendian, eskalatzen, uretan... Nik uste dut, hori guztia dela eta, nahi gabe ere naturak beti duela presentzia handia nire lan ia guztietan. Natura eta gizakiaren arteko erlazioa konstante bat da egiten ditudan gauzetan. Batzutan gizakia naturaren barnean ageri da (erakusketa honetan kasu) eta beste batzutan gizakia eta naturaren arteko esplotazio harremanak aztertzen ditut.
Zer egiten du artista batek bere lanekin erakusketak amaitzen direnean?
Edozeinek bere lana bukatzen duenean egiten duen gauza bera, beste zerbaitetan hasi. Dena dela, orain erakusketetan dabilen serie hau 2008ko bukaeran hasi nintzen lantzen, nahiz eta orain argazki berri batzuk egin ditudan, aspalditik beste proiektu batzutan nabil burubelarri. Behin serie bat bukatutakoan hori plazaratzeaz arduratzen nahiz hasiera batean, baina martxa hartzen duenean horrekin ahaztu eta beste zerbaitetara sartzen nahiz.