Iñigo Zubeldia: "Gu altruistak gara, diskoak erregalatu egiten ditugu"

Erdimin eta Ez geundenekue dira M talde freskoaren orain arteko bi diskoak, eta freskoa zergatik den azaltzeko adibiderik onena bigarrenaren izena nola sortu zen kontatzea da: grabazioarekin guztiz gustura geratu ez eta taldekide batek ondo atera ez izana momentuko sentipenei edo gorputzaldiari egotzi zion: "Ez gatxaurean". Eta hortik diskoa Ez geundenekue bihurtu zen. Hirugarrena ateratzera doaz eta honen izenak ere badu freskotasunetik asko. Iñigo Zubeldia bateria-jotzaileari egindako elkarrizketan duzue azalpena. Gaur (ostirala) iluntzean Azkoitiko Zurt tabernan, kontzertua joko dute, 23:00etan.

"Nola ezagutu ginen azalduko dizut. Hiru pertsona gara, oso ezberdinak, taldean.Maolo eta Atxuiyak kointziditu zuten aurretik, baina nik ez. Maolok kanta batzuk zituen eta Iosu Zubizarretarena joan zen grabatzera. Xabier Azkunek sartu zion hasieran bateria, eta kanta baterako Iosuk deitu zidan ea joko al nuen. Aurreneko aldiz kanta entzuten ari nintzen bitartean jo eta halaxe grabatu nuen. Osorokanboleskoa izan zen. Maolo eta Atxuiyaren filosofia horrelakoa da, gauza freskoak eta berehalakoak izatea gustatzen zaie. Gure kantak ez dira zehazten, eta kontzertuetara ere hala joaten gara, askotan gutxiegi zehaztuta… Eta halaxe ezagutu nuen Maolo, dena grabatuta zegoenean. Emaitza entzun nuenean harrituta geratu nintzen, akatsen gorabeheran, ederki zegoen. Bigarren diskoan ere egon dira akatsak eta oraingo honetan ere egongo dira, denok batera grabatzen baitugu. Gurea hala izaten da: 'Jun ta jo ta aber como sale', eta…. ez dakit zertaz ari ginen...'".

(Iñigo Zubeldia bateria-jotzailearen aurkezpen sarrera horrela izan zen atzo, osteguna, elkarrizketa hau egiterakoan. Ondoren hasi ginen galderekin)

Iaz atera zenuten bigarren diskoa…

Bai, atzeratu egin zen. Lehenago grabatu genuen, baina arazo batzuk medio atzeratu egin zen.

Urtebetera hirugarren bat aterako duzue.

Segituan. Esan bezala, aurrekoaren atzerapenarengatik juntatu egin dira, bainaMaolok daukan etorriarekin… ikaragarria da jesukristoren etorria dauka. Hirurotatik inor ez da katedratikoa musikan, nahiko kaskarrak izango gara jotzen, baina sortzen den klima berezia da. Eta batez ere, Maolok sortzen dituen akordeak, berak ere zer diren ez dakienak, funtzionatu egiten dute. Oso ideia politekin etortzen da, motibatu egiten zaituztenak eta hala sortzen dira kantak. Atxuiyak ere oso goxo jotzen du baxua eta klima sortzen da. 

Non entseatzen duzue?

Urrestillan. Astean behin juntatzen gara, astelehenetan. Aste honetan bi aldiz juntatu gara kontzertua dugulako, baina jotzen dugu eta kito. Ez errepikatu eta ez ezer. Behin jotzen ditugu… Begira aste honetan bi kanta birritan jo ditugu, baina beste bi berri baditugu jotzeko eta Atxuiyak esan zuen: "Horiek kontzertuan joko ditugu; jo behar baditugu joko ditugu". Ateratzen dena aterako da.

Nola doa disko berria? 

Grabatuta dago. Izena oraindik erabaki gabe dugu, nahiz eta webgunean jarrita daukagun, baina aste honetan hitz egiten egon gara eta… Maolo Iosuren aulkian eseri zen grabazioa entzuteko eta ez zitzaizkion hankak lurrera iristen. Barrez hasi ginen eta anekdota horretatik "hi, izen hori jarriko al zioagu?" hasi ginen eta hortik sortu zen hasierako izena: Etzaizkik hankak lurrea alleatzen. Gero buelta batzuk izan ditu eta hitz joku bat edo komentuta genuen Ez zaik lurra hanketara iristen…  

Hortik joango da, hortaz, izena?

Hortik joango da izena. Badu lotura beste gauza batekin. Taldeak izaera asko hartzen du Atxuiyaren letrekin. Bereziak dira. Hasierako entzunaldian esaten duzu "ze esaten ari da?", baina gero hasten zara hausnarrean eta zentzua hartzen joaten zara. 

Letra ilun samarrak dira bigarrengo diskokoak.

Bai. Joera du, bere barne munduak eskatzen dio, barne mundu handiko pertsona da.

Eta azken honetan berak egin al ditu letrak?

Bai, berak egin ditu. Eta badute ilun ikutua. Adarra jo izan diogu jendeak bere buruaz beste egngo duela esanez eta letra suabeagoa egin du kanta baterako, baina bere bertsioan.

Eta grabaketak nola egin dituzue?

Denok batera grabatzen dugu, zuzenean. Ahotsak aparte, eta beste gitarraren bat sartu behar bada hura ere bai. 

Ez duzue denbora askorik beharko, orduan?

Arratsalde-gau bat. Arratsaldean juntatu ginen, bostak aldean-edo. Dena montatu genuen, sonorizatu… denbora gehiena horrek kentzen du. Eta afal aurretik grabatzen hasi ginen eta gauzak ez zihoazten nahi genuen bezala. Utzi, afaltzera joan, Cunego botila bat edo bi hustu eta ondoren errenkan grabatu genuen, hiru-lau ordutan.  

Iosu Zubizarretarekin egin al duzue disko hau ere?

Bai, taldearen filosofia ondo hartuta dauka. Ondo lantzen du.  

Gustura egongo da zuekin horren azkar egiten baduzue lan?

Ez, diru gutxiago uzten diogu eta (barreak).

Noiz aterako duzue?

Nahasketak aste honetan bukatuko dituela uste dut eta gero Donostiara bidaliko du masterizatzera. Uztailerako uste dut webgunean zintzilikatzeko moduan egongo dela.

Ze estilotako diskoa da?

Uztarria zela uste dut aurreneko diskoa atera genuenean Maolori elkarrizketa egin ziona eta han Rock intimista zela esan zuen. Txantxa ugari egin izan diogu horrekin, eta bigarrena atera genuenean Maolori galdetu genion ea disko hori nolakoa zen; "Rock rustikoa" esan zuen (barreak). Atxuiyak dio, bere iritziz, hirugarren hau bigarrenaren segida dela. Diseinu aldetik ere bestearen segida izatea nahiko genuke. Nahiko zerikusi badute. 

Diseinua nork egin zizuen?

Ondarruk (Aitor Bengoetxea). Oraingoan ere proposatu diogu, baina aurrez entzun egin behar du. Aurrekoan oso gauza polita egin zuen.

Lehen kontzertua Zurten emango duzue. Zer aterako da?

Ez dakit. Hasieran urduri egongo gara, baina gero bukatutakoan pentsatuko dugu "hau al zen dena?". 

Kontzertu gehiago ba al dituzue?

Ez, momentuz lotuta ez. Hitz eginda bai. Ez dago erraza, hala ere. Gainera, ez dugu edozein lekutan jo nahi, eta ez diruagatik. Zeozer bada gure taldea altruista da. Gure diskoak erregalatu egiten ditugu, ez dugu batere saldu. Gure webgunean dena deskargatzeko moduan dugu. Bardoa ez da Oriokoa, horrek kobratu egiten du; bardoak gu gara debalde egiten dugu eta.

Zergatik horrela?

Ez dakit; umiltasunez edo utzikeriz. Hau nire iritzia da: Sormena libreki eskaini behar da, (ez dakit beste biak ados egongo diren). Ez dugu, ordea, sekula planteatu saltzea. Baina grabatzea.. gastua da. Gure kontzertuetatik ateratzen dugun dirua teknikoari ordaintzeko izaten da. Zakuak ondoa joa arte jarraituko dugu…. eta jotakoan eliza atarian jarriko gara...

Filosofia polita da, baina…

Baina irreala eta oso zaila.

TALDEA

Manolo Aizbitarte Maolo: gitarra

Aitor Bereziartua Atxuiya: baxua

Iñigo Zubeldia: bateria

M taldea

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide