Julian Barrenetxea abesbatzak eta Azpeitian urrian ospatuko den Kilometroak 2011ko lantaldeak jaurtiko dute gaur (12:00) saninazioetako txupinazoa. Barrenetxea garrantzi handiko musikaria izan zen Azpeitian, eta haren izena bi efemeridek oroitu dute aurten: duela 50 urte hil zen, eta haren izena daraman abesbatzak 25 urte bete ditu. Urte osoan, hainbat ekitaldi antolatu dituzte haren omenez, eta, duela gutxi, bere izena jarri diote herriko kale bati. Omenaldiak borobiltzeko modua dute gaurko txupinazoa, eta Jaime Amenabar zuzendariak botako du.
Zer garrantzia du zuentzat txupinazoan parte hartzeak?
Guretzat saninazioei hasiera ematea abesbatzaren 25.urteurrena ospatzeko modu desberdin eta berezia da. Nolabait, txupinazoan parte hartzea abesbatzak egindako ibilbidearen errekonozimentu eta aitortza da.San Inazio egunaren bezperan gaur ere izango duzue kontzertua, Loiolako Basilikan. Nolako emanaldia izango da?
Urtero bezala, meza eta bederatziurrenaren ostean abestuko dugu, Azpeitiko Parrokiako abesbatza eta Maria Dolores Oteiza organu jotzailearekin batera. Hiru egunetan abestuko dugu aurten, baina guretzat kontzertu berezia San Inazio egunekoa da: Urrestillako Koroa eta Loiolako Nemesio Otaño abesbatzarekin batera abestuko dugu.