Gaur derbia jokatuko dute Lagun Onakek eta Zarautzek

Uztarria.eus 2012ko api. 20a, 12:33

Garmendipen izango da partida, 20:00etan hasita. Lagun Onak futbol klubekoek azaldu dutenez, haientzako oso partida garrantzitsua da gaur jokatuko dutena. "Azpeitiarrontzat, mailari eusteko puntuei begira, partida oso-oso garrantzitsua da gaurkoa". 

Espainiako futboleko hirugarren mailako Lagun Onakek eta Zarautzek ligako partida, derbia, jokatuko dute gaur, ostirala, Garmendipe futbol zelaian, 20:00etan hasita.

Lagun Onak futbol klubekoek azaldu dutenez, haientzako oso partida garrantzitsua da gaur jokatuko dutena. "Azpeitiarrontzat, mailari eusteko puntuei begira, partida oso-oso garrantzitsua da gaurkoa". Lagun Onak futbol taldea sailkapeneko 14. postuan dago, 36 punturekin. Zarautz, berriz, azken muturrean dago, 20.ean, 19 punturekin. Joseba Zubizarreta azpeitiarrak zuzentzen du Zarauzko taldea, eta dagoeneko ez du mailari eusteko ia aukerarik.
 
Partidak taldearentzat duen garrantzia kontutan izanda, herriko futbozaleei partidarako deia egin diete: "Ogitartekoa hartu eta Garmendipera etortzera animatu nahi ditugu zaleak eta
klubeko partaideak".

Jokalari gazteen debuta

Joan den asteburuan Lagun Onakeko gizonezkoen lehen taldeak "puntuazio oso ona" lortu zuen Zamudioren kontra. "Golen falta izan arren (0-0 egin zuten), partida ona jokatu zuen", esan dute Azpeitiko klubeko arduradunek.
 
Bizkaiko taldearen aurkako norgehiagokan herriko bi futbolari gaztek titular bezala debuta
egin zuten lehen taldean: Joanes Otamendik eta Haritz Alberdik. Haiek egindako lanarekin gustura gelditu dira Lagun Onak-ekoak, "partida oso ona egin zuten biek". Futbol partidaren bigarren zatian, berriz, Azpeitiko beste bi gaztek ordezkatu zituzten Otamendi eta Alberdi; Asier Gorostolak eta Alex Aizpuruk irten zuten joko-zelaira.
 
Harrobia emaitzak ematen ari dela azaldu dute Azpeitiko futbol klubekoek: "Etorkizuna badago
harrobian eta hori benetan poztekoa da, gure partetik zorionak eman nahi dizkiegu denei".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide