A Coruñarekin galdu (58-71) eta Ourenseren kontra jokatuko du Lan Mobel ISBk igoera faseko lehen kanporaketa

Uztarria.eus 2012ko api. 21a, 03:23

Kiroldegia bete egin zen Lan Mobel-A Coruña partidarako. (ISB)

Atzo, ostirala, galduta, bederatzigarren postuan bukatu dute Iraurgikoek Zilarrezko LEB ligaren fase erregularra. Asteartean, apirilaren 24n, jokatuko dute Ourenseren kontrako aurreneko partida, galiziarren kantxan. Ostiralean Azpeitian jokatuko dute bigarrena. Hirugarrena beharko balitz, igandean eta Galizian jokatuko lukete.

Lan Mobel Iraurgik ezin izan zituen bete A Coruñaren aurkako neurketari begira zeuzkan bi helburu nagusiak. Partida irabazi eta, hartara, sailkapeneko bosgarren postua eskuratzeko asmoarekin ekin zioten neurketari Iurgi Caminosen mutilek, Garaipenik gabe, ordea, bosgarren postuari agur esan behar eta, gainera, galduz gero gertatu zitekeen okerrena tokatu zaie Lan Mobelekoei, bederatzigarren geratzea eta Ourenserekin gurutzatu beharra.

Jarraitzaile ugari batu zen atzo herriko kiroldegian Lan Mobel ISBkoak bultzatzera eta neurketa parekatua eta emozio handikoa ikusi zuten. Izan ere, azken laurdena arte ez zen ezer erabaki. Atsedenaldira arte markagailuan tarteak oso estuak izan ziren: 17-18 bukatu zen lehen laurdena, eta 34-32 aurretik joan zen Lan Mobel atsedenaldira. Hirugarren laurdenaren bukaeran ere goian jarraitzen zuten etxekoek, 51-48, baina alderik egin ezinda. Azken laurdenean, bukatzeko lau minuturen faltan markagailuari buelta eman (56-57) zioten A Coruñakoek eta, hortik amaiera arte, ezinean  ibili zen Iraurgik. Horrenbestez, 2012ko lehendabiziko partida galdu zuten etxean.

Lan Mobel ISBn atzokoan jokatu zutenak eta saskiratze datuak, hemen:

Serrano (6), Atoyebi (16), Ibargutxi (3), Ott (12) eta Guridi (1) -bosteko nagusia- Casado (4), Xabo (5), Motos (11), Martinez, Barberena, Urbizu eta Olaizola.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide