Urkome Urola Kostako Landa Garapeneko Elkarteak "lehen sektorearen garapena bultzatzeko" Urola Kostako ekoizleen on-line gida osatu du. Gida horretan eskualdeko 93 bat ekoizleren inguruko datuak jaso dituzte: "Ekoizle bakoitzaren datu komertzialak, produktuen inguruko xehetasunak, salmenta guneak eta ustiategirako mapa zein argazki galeria daude ikusgai". Webguneak bilaketa desberdinak egiteko aukera ere eskaintzen du; herrien araberakoa, ekoizleen araberakoa eta produktuen araberakoa.
Ainhoa Altuna Urkomeko kideak azaldu duenez, "webgunea sinplea eta erabilerreza da. Edonork erabiltzeko modukoa". "Webgunean ez daude eskualdeko ekoizle guztiak; parte hartu nahi izan dutenak baizik", esan dute. Urkomekoek eskerrak eman dizkiote on-line gidan parte hartu duten baserri eta ekoizle guztiei, "egindako harrera onagatik".