Mikel Aranburuk futbola uztea erabaki duela iragarri du

Uztarria.com, Berria.info 2012ko mai. 3a, 19:25

Joan den zapatuan Realarekin Ligan 400. partida jokatu ondoren, gaur, osteguna, eman du erabakiaren berri. Realak kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera eskaini zion arren, "momentua ailegatu" zaiola esan du azpeitiarrak. Infantil mailatik egon da Aranburu Realean.

Mikel Aranburuk (Azpeitia, 1979) futbola utziko duela iragarri du gaur, osteguna, arratsaldean. Joan den zapatuan Realarekin Ligan 400. partida jokatu ondoren, gaur, osteguna, eman du erabakiaren berri. Realak kontratua beste urtebetez luzatzeko aukera eskaini zion arren, "momentua ailegatu" zaiola esan du azpeitiarrak. Erabakia hartzea "egun batetik besterako gauza ez" dela izan azaldu du, ezta erraza ere, baina "gauzak bere garaian uzteak balioa duela" uste du. Infantil mailatik egon da Aranburu Realean, Lagun Onaketik joanda.

"Nola uztea nahi nuen imajinatu bezala utzi dut", esan du Aranburuk Zubietan, kazetarien galderak erantzunez, Realean izan duen ibilbideari erreparatuta; Lehen Mailan jokatu dituen urte guztiak gogoan, eta bereziki azken biak, Bigarren Mailan igarotako "urte gogorrak" eta gero etorri direnak. Klubak taldean jarraitzea nahi bazuen ere, bera erretiratzeak "Realarentzat beste munduko kalterik ez" duela ekarriko iritzi dio, "atzetik jokalari onak datozelako".

Realak larunbat honetan Iruñean jokatuko du, eta hilaren 12-13ko asteburuan Donostian, Valentziaren aurka, denboraldiko azken partidan. Jokin Aperribai presidenteak dagoeneko aipatu dio orduan klubaren urrezko ikurra jarriko diotela. "Espero dut partidako deialdian izatea orduan...", esan du Aranburuk.

Ibilbide oparoa

1997an egin zuen debuta Realarekin Mikel Aranburuk —Javier Irureta zen entrenatzailea—, eta lehen taldean 1998-1999tik egon da modu finkoan. 424 partidatan aritu da eta 32 gol sartu ditu azken urteetan taldeko kapitaina izan denak.

Realarekin jokatutako 424 partidatatik 400 ligan jokatu ditu —105, Bigarren Mailan—. Klubaren 103 urteko historian beste bost jokalarik baino ez dute gainditu ligan 400 neurketako marka: Alberto Gorriz, Juan Antonio Larrañaga, Jesus Mari Zamora, Luis Arconada eta Miguel Fuentesek. Lehen laurak Lehen Mailako liga irabazitakoak dira. Aranburuk ere ia lortu zuen, 2003an, entrenatzaile Raynald Denoueix zela: bigarren geratu ziren, Real Madrilen atzetik. Xabi Alonsok eta biek jokatzen zuten erdi-erdian.

2005eko abenduan kolpe latza jaso zuen Aranburuk, Racingen kontrako partida batean: eskubiko belaunean sei haustura. "Lotailuak gurutzatuta eta belauna atze, kanpo eta aurretik ukituta dauzka. Ez genuen uste inoiz horrelako zerbaitekin aurkituko ginenik", esan zuen Antton Gorrotxategi Realeko medikuak azterketa egin zionean. Osatu zen, baina, Aranburu; 2006ko uztailerako ari zen jokatzen. Min hartu zuen garaian estimu handitan zeukan entrenatzaileak, Jose Mari Amorrortuk: "Jokalari guztiak dira garrantzitsuak baina, batez ere, Aranburu zen inportantea".

Harrobiaren aldekoa

Harrobitik ateratako jokalaria izan da, eta harrobian sinisten du, adierazpen askotan erakutsi duen legez. "Jokalaria heldu gabe egon arren, jokatzeko aukera eman behar zaio, pixkanaka Lehen Mailako jokalaria egin dadin. Realak harrobiko lana alde batera uzten badu eta urtero epe motzeko fitxaketak kanpotik egiten baditu, etorkizunik ez du. Hori nire iritzia da. Hemen dauden instalazioak ikusita eta Lehen Mailan jokatzeko jokalariak beti irten direla ikusita, horri eutsi behar zaio. Bertako jokalari euskaldunik gabe, aurrera irteteko modurik ez diot ikusten Realari. Nik pertsonalki, ez nuke nahi horrelakorik", "ni edozein kirol ikustera joaten naizenean, bertako jendea ikusi nahi izaten dut. Beste batzuek kanpoko jendearekin berdin-berdin disfrutatzen dute. Baina nik inguruko herrietako jendea, edo txikitatik ezagutzen dudan gaztea, Lehen Mailan jokatzen ikusteari balioa ematen diot. Futbola uzten dudanean eta Anoetara partidak ikustera joaten naizenean, gustura ikusiko ditut txikitatik ezagutzen ditudanak igandero partidak jokatzen, talde handien kontra".

Euskal selekzioarekin maiz aritu da. Espainiakoarekin sekula ez.


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide