Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoari konponbidea emateko ireki den eszenatoki politiko berri baten aurrean bagaude ere, Estatu espainolak bere betiko praktikari jarraituz eta aipatutako konponbide prozesuari blokeoaren posiziotik erantzunez bere alderik antidemokratikoena, belizistena eta ankerrena erakutsi nahi izan digu Bateragune auzian emandako azken epaiarekin.
Hainbatetan bezala zuzenbidea eta justiziarekin zer ikusirik ez duen epai politiko baten aurrean gaudela begi bistakoa da, eta egia bada ere espainiar estatuak aspaldi kendu zuela demokraziaren mozorroa, honek ez dio larritasunik kentzen hartutako azken erabaki politiko honi.
Bereziki larria, kontutan badugu, auzi honetan zigortutakoak aipatutako eszenatoki politiko berri hau irekitzearren egindako lanagatik jarraituko dutela espetxean. Horixe baita beraien delitu bakarra, biolentzia mota guztiak baztertuz eta bide demokratikoen aldeko apustua eginez, Euskal Herrirako bakea eta aukera politiko guztiak, independentzia barne, gauzagarri egingo dituen eszenatoki demokratiko baten alde lan egitea.
Estatu espainolak, ordea, kultura demokratikoaren ezaren preso, beldur ikaragarria dio eszenatoki honi eta ondorioz nahiago du ukazioan eta errepresioan oinarritutako bere betiko eskemetan jarraitu.
Oker dabiltza ordea, herri honetan urte askotako borrokari esker benetako bakea eta askatasuna lortzeko baldintzak sortu baitira eta estatu espainolak ez dituelako zapuztea lortuko. Euskal Herriaren gehiengo soziala benetako konponbidea aldarrikatzen ari da; alegia, Euskal Herriaren aitortzan eta erabakitzeko dugun eskubidearen onarpenean oinarritzen dena; eta lortu bitartean, estatu espainolaren jarrera zein den ikusirik, bide demokratikoen bitartez borrokatzen jarraitu beharko dugu. Herri bezala estatu espainola konponbidea lortzeko beharrezkoak diren pausoak ematera behartu behar dugu (presoak, legeztapenak, errepresioaren etetzea, marko demokratikoaren onarpena...), eta jakin dezatela lortu bitartean ez dugula etsiko.
Horixe da hain zuzen ere Bateragune auzian zigortutakoei egin diezaiekegun ekarpenik onena, mobilizatzen jarraitu eta presio sozialaren bitartez estatu espainola pausoak ematera behartzea. Arnaldok zioen bezala, ezin izango dute martxan dagoen herria gelditu.
Amaitzeko, gure elkartasunik beroena adieraztea Bateragune auzian zigortutakoei eta bihar arratsaldeko 7etan Azpeitian eta Zarautzen Gernikako Akordioko sinatzaileek deituriko elkarteratzeetan parte hartzera gonbidatzea.