Bihar, zapatua, Azpeitiko igerilekuan Gipuzkoako alebin mailako Igerilari Osoa Saria jokatuko da. Igandean, berriz, Gipuzkoako Eskolarteko XXIX. Igeriketa Txapelketa izango da ikusgai igerilekuan. Gipuzkoa osoko LH5. mailako eta LH6. mailako neska-mutilak, eta DBH1eko mutilak arituko dira. Goizeko saioak 10:30ean hasiko dira, eta zapatuko arratsaldeko saioa 16:30ean, eta igandekoa 17:00etan.
Bestalde, joan den zapatuan, hilak 5, Eskolarteko Igeriketa Txapelketa jokatu zen Azpeitiko igerilekuan. Azkoitiko eta Azpeitiko ikastetxeetako LH1etik hasi eta LH6. mailara arteko gaztetxoek hartu zuten parte eta, guztira, 173 lehiatu ziren. Antolatzaileek esan dutenez, "giro ezin hobea bizi izan zuten parte hartzaileek eta guztiek domina bana eskuratu zuten parte hartzeagatik". Bestalde, maila bakoitzeko hiru azkarrenek garaikurra irabazi zuten.