Walter Becerrak irabazi du Izarraizko mendi lasterketa

Uztarria.eus 2012ko mai. 14a, 14:54

Emakumezkoetan Maud Combarieu nagusitu zen, eta ordura arteko denbora onena hobetu zuen. Gizonezkoetan bigarrena eta hirugarrena azpeitiarrak izan dira: Xabat Manzisidor eta Enekoitz Aizpuru, hurrenez hurren.

Atzo, igandea, jokatu zen Izarraizko mendi lasterketa, 10:00etan hasita Azpeitian. Aurrez 150 lagun zeuden izena emanda, eta 125ek bukatu ahal izan zuten lasterketa. Lehenengoa Sestaoko Walter Becerra izan zen (01:56:08), bigarrena Xabat Manzisidor azpeitiarra (02:00:47) eta hirugarrena ere herrikoa izan zen Enekoitz Aizpuru (02:00:58). Becerrak ezin izan zuen Fernando Etxegaraik lortutako marka (01:54:44) denbora hautsi.

Emakumezkoetan, berriz, lehenengo postua Maud Combarieu urruñarrak eskuratu zuen (02:21:56). Nerea Amilibia aiarra izan zen bigarrena (02:24:33) eta hirugarren postua Yolanda Gurendez gasteiztarrarentzat izan zen (02:34:26). Amilibiak zuen emakumeetan atzora arteko denbora onena (02:26:23), baina Maud Combarieuk eta Nerea Amibilibiak berak hobetu egin zuten ordura arteko denbora azkarrena.

Lasterketako sailkapen osoa ikusteko egin klik hemen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide