Nuarbek festen lekukoa pasatuko die Eliz kaleari eta Enparan kaleari

Uztarria.com, Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 5a, 12:21

Nuarben ere festak ospatu dituzte atzora arte; Trinitate jaiak hain zuzen. Zapatuan auzotarren afaria izan zuten, eta herenegun eguerdian, meza ostean, hamaiketakoa. Arratsaldean, berriz, jende asko bildu zen herri kirolarien erakustaldia ikustera. Festei bukaera atzo arratsaldean eman zieten Nuarben, haur jolasekin eta txokolate-janarekin.

Orain, festen lekukoa Azpeitiko alde zaharreko bi kalek hartuko dute: Eliz kaleak eta Enparan kaleak. Bietan korputzak ospatuko dituzte.

Enparan kalean datorren igandean ospatuko dituzte Korputz festak. 11:30ean, suzirien zirti-zartarekin eta txistularien kalejirarekin hasiko dira ekitaldiak. Ondoren, meza izango da Frantziskanetan eta hamaiketakoa Basazabal elkartean. Lagunarteko bazkaria 14:00etan egingo dute Baigeran. Bazkarian parte hartzeko izena Baigeran bertan eman behar da.

Bazkalostean Enparan kaleko bizilagun helduena omenduko dute, eta bertsolariak eta trikitilariak ere izango dira giroa berotzen.

Eliz kaleko Korputz jaietako XXV. ErretzTxapelketa larunbatean jokatuko dute, 16:00etan, Mendizaleen tabernan. Bestalde, Eliz kaleko festetako ekitaldi nagusienak, berriz, hilaren 14an hasiko dituzte suziriekin, eta Juan Antxieta musika eskolako ikasleen kalejirarekin. Ondoren, buruhandiak ibiliko dira bertan. Egun horretan, 19:30ean, kaleko hildakoen aldeko meza da.

Ekainaren 15ean eta 16an ere korputzak ospatuko dituzte Eliz kalean. Bi egun hoietan, musika eskolakoen emanaldiak, gitarra poteoa, Haritz eta Montte trikitilariekin, eta Gabezin taldearekin dantzaldiak, eta Itsasi dantza taldekoen emanaldia izango dituzte.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide