Amaia Azkueren hiltzaileak ez du helegiterik aurkeztu Auzitegi Gorenean

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 5a, 14:22

Epaia eman eta hamar eguneko epea zuen kondenatuaren abokatu Joanes Labaienek legearen interpretazio edota aplikazio okerrean oinarritutako sententzia alegatzeko.

Pasa den astean amaitu zen Amaia Azkueren hiltzailearen defentsarentzat Auzitegi Gorenean kasazio helegitea jartzeko epea. Maiatzaren 16an Gipuzkoako Probintzia Auzitegiak berretsi egin zuen gazte azpeitiarraren aurkako zigorra, defentsak jarritako helegitea baztertuz. Epaia eman eta hamar eguneko epea zuen kondenatuaren abokatu Joanes Labaienek legearen interpretazio edota aplikazio okerrean oinarritutako sententzia alegatzeko. Denbora hori pasata, ez du errekurtsorik aurkeztu, ordea.

Hori dela eta, Ander E.-k  Adingabeen zentroan hamar urteko itxialdia bete beharko du. Horrez gain, hezkuntza laguntzarekin bost urteko zaintzapeko askatasunera zigortu dute. Urruntze agindua dela-eta, ezingo du Getariara, Zarautzera eta Zumaiara  gerturatu aske geratu hurrengo bost urteetan. Era berean, itxialdia bete ondorengo bi urtean, Azkueren senitartekoengandik bostehun metrora edo gehiagora ezingo du gerturatu.

Horrez gain, azpeitiarrak biktimaren senitartekoei kalte moralak eragiteagatik ordaindu beharko du. Guztira, 922.000 euro eman beharko dizkio familiari. Akusazioak hiltzailearen gurasoen zenbait ondasun bahitzeko eskatu du diru kopuru hori ordaindu ahal izateko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide