Organikoen edukiontzi batera pintura potea bota izana salatu dute Udalak eta Mankomunitateak

Uztarria.eus 2012ko eka. 8a, 20:10

Hondakin organikoak pintura arroxaz zipriztinduta gelditu ziren.

Orain dela astebete inguru gertatu zen eta egun hartan Azpeitian eta Azkotian jasotako hondakin organiko guztiak zabortegira bota behar izan zituzten. "Organikoaren kasuan, giltza beharrezkoa da ontzia irekitzeko eta, beraz, are larriagoa da gertatutakoa", esan dute. Aurrerantzean, organikoen edukiontziko giltza galdu eta berria eskatzen duenak, ordaindu egin beharko du giltza hori.

Orain dela astebete inguru, norbaitek margo pote bat bota zuen hondakin organikoak biltzeko erabiltzen diren edukiontzietako batera -'bosgarren edukiontzia' edo edukiontzi marroia-, Azpeitian edo Azkoitian. Egun hartan Azpeitian eta Azkotian jasotako hondakin organiko guztiak kutsatu zituen margoak eta, ondorioz zabortegira bota behar izan zituzten.

Urola Erdiko Mankomunitateak eta Azpeitiko Udalak gertatutakoa "gogor salatu" nahi izan dute eta edukiontziak egoki erabiltzeko eskaera luzatu die herritarrei. "Organikoaren kasuan, giltza beharrezkoa da ontzia irekitzeko eta, beraz, are larriagoa da gertatutakoa", esan dute.

Neurri berriak ere iragarri dituzte, gainera. Horrela, aurrerantzean, organikoen edukiontziko giltza galdu eta berria eskatzen duenak, ordaindu egin beharko du giltza hori. Azpeitian zein Azkoitian herritar ugari birziklatzearen alde agertzen ari den borondatea eta egiten ari den esfortzua "pertsona bakar batek zapuztu" dezakeela ikusita, "organikoaren ontziaren eta bera erabiltzeko giltzaren erabilpen arduratsua lortu" nahi dute neurriarekin. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide