Urrestillan astebururako krosa eta erretiratuen eguna antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2012ko eka. 14a, 18:27

Zapatuko kroserako izena aurrez ematea doan da, www.herrikrossa.com webgunean, baina egunean bertan bost euro ordaindu beharko da. Igandean ospatuko dute erretiratuen eguna.

Urrestillako San Joan festen atarian, asteburu honetarako herri krosa eta erretiratuen eguna antolatu ditu Urrestillako Festa Batzordeak. Larunbat arratsaldean jokatuko da herri krosa, 17:00etan hasita.

XI. aldia izango du Urrestillako lasterketak, eta 0 urtetik hasi eta beteranoen arteko lasterketak antolatu dituzte bertan. 8 urtera bitarteko haurrak izango dira aurrenak korrika egiten; 200metroko lasterketa egingo dute. Segidan, benjamin, alebin eta infantil mailakoen lasterketak izango dira. Proba nagusia, berriz, 18:00etan hasiko da. Kadeteek, jubenilek, seniorrek eta beteranoek batera irtengo dute.

Maila guztietako lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute, eta parte hartzen duten haur guztien artean dominak banatuko dituzte. Horrez gainera, gaztetxoen artean kirolerako materiala zozkatuko dute. Helduen lasterketako lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek diru saria ere jasoko dute: irabazleak 120 euro, bigarrenak 90 euro eta hirugarrenak 60 euro.

Herri kroserako aurrez izena emateko epea Internetez irekita dute, www.herrikrossa.com webgunean; aurrez izena emateko ez da ezer ordaindu behar. Baina, egunean bertan izena ematen dutenek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Igandean, berriz, erretiratuen eguna ospatuko dute Urrestillan. 12:00etan meza izango da bertako parrokian, eta segidan herri kirol jaialdia ikusteko aukera egongo da. 13:00etan, berriz, Azpeitiko Metal Boskoteak emanaldia izango du elizan. Erretiratuen bazkaria 14:00etan hasiko da. Otorduaren ostean, Xebastian Lizaso eta Aitor Mendiluze bertsolarien saioa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide