Herriko ikastetxeetako ikasleek Urolaren ibai-ertzak garbituko dituzte ostegunean

Uztarria.eus 2012ko eka. 18a, 20:03

Loiolatik hasi eta Lasaoraino ariko dira lanean, hiru multzotan banatuta, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Urola Ikastola eta Iraurgi Ikastetxeko ia 200 ikasle, 08:30etik 12:00etara. Baigera erretiratuen elkartekoen laguntza izango dute eta gainerako herritarrek ere har dezakete parte garbiketan; zortzi eta erdietarako plazara agertu besterik ez dute.

Joan den urtarrilean Udalak eta hainbat talde eta eragilek egindako deialdiaren ondoren egin bezala, oraingoan ikastetxeek hartuko dute lekukoa Urola ibaiaren bazterrak garbitzeko.

Ostegunerako, ekainaren 21erako, egin dute hitzordua. Loiolatik hasi eta Lasaoraino ariko dira lanean, hiru multzotan banatuta, Azpeitiko Ikastola Ikasberri, Urola Ikastola eta Iraurgi Ikastetxeko ia 200 ikasle, 08:30etik 12:00etara. Ikasberrikoak Loiolatik Sanjuandegira, Urolakoak igerilekutik Okerkua baserrira eta Iraurgikoak Okerkuatik Lasaora ariko dira. Baigera erretiratuen elkartekoen laguntza izango dute eta gainerako herritarrek ere har dezakete parte garbiketan; zortzi eta erdietarako plazara agertu besterik ez dute.

Leire Etxaniz zinegotziak eman du gaur, astelehena, ekimenaren berri: "Urtarrileko ibai garbiketak izan zuen harrera ona ikusita, berriro animatu gara antolatzera, eta Udalak eskerrak eman nahi dizkie bai ikastetxeei eta bai Baigera elkarteari. Denen aldetik jaso dugun erantzuna eta harrera oso ona izan da. Ea aurrerantzean eredu bezala hartzen dugun ekimen hau eta horrelako egitasmoa gehiago egin daitezkeen. Azpeitiak merezi duelakoan gaude".

Eguraldiari begira

Ostegunerako egina dute ibai garbiketarako hitzordua, beraz. Hala ere, eguraldiari begira egongo dira antolatzaile eta parte-hartzaileak. Horrela, ostegunean eguraldi txarra egingo balu, bertan behera geldituko litzateke ibai garbiketa; iraila arte atzeratuko litzateke.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide