Enpresa Batzordeak proposatuta, Corrugados Azpeitiako langileek ekainaren 23tik aurrera greba mugagabeari ekitea erabaki dute gaur, astelehena. Horrenbestez, LAB eta ELA sindikatuen deiari erantzunez egunotan egiten ari diren astebeteko grebari segida emango diote. Ekainaren 15ean ekin zioten hilaren 22ra arte luzatuko den astebeteko lanuzteari, enpresak 60 langile gehiago kaleratuko dituela jakin eta gero.
60 langile kanporatzeaz gain, murrizketa gehiago ezartzeko asmoa ere azaldu diete langileei enpresaren jabe den Alfonso Gallardo Taldeko ordezkariek: urte honen bukaera arte luzatu eta enpresan geratuko diren 245 langileei eragingo dien suspentsioko Lana Erregulatzeko Txosten bat martxan jarri nahi du zuzendaritzak, soldatak %35 murriztu eta urteko lanaldiari 49 ordu gehiago erantsi.
Mobilizazioak
Greba hasi zutenetik, Corrugados Azpeitiako langileek elkarretaratzeak egiten ari dira egunero lantegi aurrean, eta datozen egunetarako mobilizazio gehiago iragarri dituzte. Bihar, asteartea, elkarretaratzea egingo dute 10:00etan Olazko Amaren plazan; eta ostegunean, 11:00etan, Donostian, Lan Delegaritzaren aurrean.