Azpeitiko Kultur Mahaiak bere esperientziaren berri ematen jarraitzen du, kanpoko eragileek hala eskatuta —dagoeneko hogeiren batekin egon da—. Lehengo igandean, esaterako, Mahaiko ordezkari Enekoitz Esnaola Errenterian izan zen, Mikelazulo kultur elkarteak antolatutako Eztena jaialdiko ekimen batean: sortzaile eta programatzaileei buruzko mintegian. Kultur Mahaia nola eratuta dagoen azaldu zuen Esnaolak, zein den bilgunearen egitekoa, Sanagustin kulturgunea kudeatzen duela eta zein den Sanagustinen filosofia...
Errenteria, Elorrio, Leioa, Arrasate, Donostia, Zarautz, Gasteiz, Durango, Deba edota Bilboko eragileak ere bildu ziren aipatutako jardunaldian.
Laugarren urtez antolatu du Mikelazulok Eztena jaialdia, sortzaileak, ikusleak eta antolatzaileak harremanetan jartzeko helburuarekin. Bost egunez Errenteriko kale, taberna, liburutegi zein aretoetara eraman ditu antzerki eta dantza ikuskizunak. Jon Eskisabel kazetariak jaialdiari buruzko iritzi artikulua idatzi du gaur 'Berria'-n.
Bi argazkietan, Mikelazuloren igandeko mintegia.
Ekainaren 29an, berriz, Bagara Debagoienako prozesuko ordezkariak Azpeitira etorriko dira, Sanagustini buruzko informazioa jasotzeko. Debagoiena bailararen gizarte garapenean eragiteko sortu zuten Bagara hango eragileek, duela bi urte, eta, besteak beste, kulturgune baten beharra ikusten dute.