Ez ohiko batzarra egingo du gaur, osteguna, Izarraitz Igeri Elkarteak

Uztarria.eus 2012ko eka. 21a, 18:48

Sindikatu Zaharrean izango da, 20:00etan lehen deialdian eta 20:15ean bigarrenean. Kirol arloari dagokionez, asteburu oparoa izan zen aurrekoa herriko igerilarientzat Oñatin, Donostian eta Irunen.

Izarraitz Igeri Elkarteak bazkideen ez ohiko batzar orokorra egingo du gaur, osteguna. Sindikatu Zaharrean izango da, 20:00etan lehen deialdian eta 20:15ean bigarrenean.

Kirol arloari dagokionez, asteburu oparoa izan zen aurrekoa herriko igerilarientzat Oñatin, Donostian eta Irunen. Zapatu arratsaldean, Oñatin, Izarraizko 14 igerilarik hartu zuten parte Txantxiku Sarian. Hainbat postu onen artean, urrezko hiru domina eta garaikur bat lortu zituzten. Maialen Sudupek (50m bizkar eran), Eva Astigarraga (100m bular eran) eta Aiora Beristainek (100m librean) eskuratu zituzten dominak; Aiora Beristainek, gainera, garaikurra ere jaso zuen aipatutako 100m libreetan.

Zapatuan bertan, baina Donostian, Harri Garmendia Sarian ere aritu ziren azpeitiarrak. Oihana Goenagak Harri Garmendia Sariko bigarren postua lortu zuen eta Jon Aizpuruk, berriz, beste txartel bat lortu zuen Espainiako Txapelketan parte hartzeko, 200m estiloetako proban. Izarraitz Igeri Elkarteko Eva Astigarragak ere lortu zuen Espainiako Txapelketarako txartela, 200m bularreko proban. Astigarragak 100m bularreko txartela arratsaldeko proban lortu zuen, Oñatin, eta bi distantzia horietan parte hartzeko aukera izango du uztailaren 6tik 8ra Cadizen jokatuko diren Eskolarteko Espainiako Txapelketetan.

Astebukaera borobiltzeko, zazpi domina eta bi txapel irabazi zituzten Azpeitiko igerilariek igandean Irunen, XX. San Martzial Sarian. Urrezko bi domina eta bi txapelak Oihana Goenagak lortu zituen, 50m bizkar eran eta 200m estiloetan; zilarrezko bi Jon Aizpuruk 200m estiloetan eta 50m bular eran; beste bi zilarrezko domina eskuratu zituen Ainhoa Goenagak 200m eta 50m bular eran; eta brontzezkoa, berriz, Izarraitz Igeri Elkarteko Eva Astigarragak, 200m bular eran.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide