Nazio guztiek izaten dute bere ordua historiaren aurrean. Eta une horretan ikusten da herri batek bere buruari dion maitasunaren kalitatea, daukan adimen politikoa, garatzen duen ahalmen estrategikoa, munduaren aurrean agertzeko behar duen boterea antolatzeko dauzkan indarrak, eta ausardia.
Une batean edo bestean, nazioak antolatu egiten dira, eta erabaki egiten dute zer egin euren hizkuntzarekin. Frantziako iraultzaren hasieran, populazioaren lauko batek soilik hitz egiten zuen frantsesa. 1794an Henri Gregoirek aurkeztutako txosten batean zionez, Frantziako 83 departamendutik 15ean soilik mintzatzen zuten frantsesa esklusiboki. Gregoire jaunari paradoxikoa iruditzen zitzaion, "jasanezina", dio Wikipediak, 28 milioi frantsesetik 3 milioi baino gutxiagok mintzatzea hizkuntza nazionala. Alegia, portzentualki, duela bi mende euskara gehiago mintzatzen zen bere lurraldean, frantsesa Frantzian baino. Harrigarria, ezta?
Zer egin zuten? Nazio eremuko hizkuntza politika bat. Eskoletan hizkuntza estandar bakarra irakatsiko zen, beste hizkuntza guztiak baztertuta. Talleyrand-ek abiatu zuen frantsesaren batasunak helburu hau zeukan: frantses hizkuntza bakarra sortzea Frantziako lurralde osoan. Frantsesa nahiko azkar hedatu zen iparrean, oil hizkuntzak zeuden lekuan, baina ez hala hegoaldean, oc edo okzitanieraren lerroko dialektoak zeuden tokian, eta ezta ere beste eremu batzuetan, non bretoiera, euskara, katalana edo alsaziera mintzatzen zen. Leku horietan beste metodo batzuk erabili behar izan zituzten, tartean ikasle gazteei eragindako zigor fisikoak.
Une batean edo bestean, nazioek etorkizunean opari eder izango diren oinarri sendoak ezartzen dituzte. Hebreerarekin gertatua mirari harrigarriagoa da. II. mendean desagertu zen herri hizkuntza bezala Palestinan. Juduen elite batek soilik jarraitu zuen hura erabiltzen. XIX. mende bukaeran berpiztu zuten hizkuntza hila sionistek, etorkizuneko estatu juduaren hizkuntza nazionala izan zedin. Estatua sortu eta hizkuntza loratu: gaur egun 5 milioi pertsonak hitz egiten dute, biztanleen %95ek. Munduan zehar barreiaturik dauden judu-elkarteetan beste 3 milioi hiztun ditu. Gurasoei ez zieten galdetu ea zein hizkuntza nahi zuten haurrentzat eskolan; ezta funtzionarioei ere, ezta medikuei ere…
Une batean edo bestean, nazioek aurre egiten diote etsaiari, konturatu egiten dira menperatuak daudela, etsaia identifikatzen dute zorrotz, eta morrontza politiko-linguistikoa deusezten dute, Norvegiak 1905ean egin zuen bezala. Hitzaldi batean esan zidaten: "Bai, baina Euskal Herria ez da Norvegia". Ez, baina, Norvegia izan zen Euskal Herria, egon zen egoera berean; historia paraleloagorik ez dago aurkitzerik.
4,5 milioi dira norvegiarrak, gu 3 milioi, sexuarekiko gure alferkeria milenarioaren erruz. Lau mendez egon zen, 1814ra arte, Danimarkaren mende. Ondoren Suediarekin egindako hitzarmenak 1905 arte iraun zuen. Wikipedian hitzokin kontatzen da une erabakigarria: "Independentzia nazionala lortzeko presioa goraka zihoan heinean, hala hedatu zen hizkuntza norvegiarrean oinarritutako tradizio literario bat sortzeko deseoa, betiere danieraren aurka".
Horra hiru hitz klabe: presioa, deseoa, eta aurka; ez elkarlanean, kultur aniztasunaren mesedetan, ez hizkuntzen bizkidetasunaren aldarrian, ez: danierari aurre eginez norvegiera indartuz, hedatuz eta ezarriz baizik. Gaur egun norvegiera da hizkuntza ofiziala; mintzo diren beste batzuk dira laponiera eta suomiera. Daniera desagertu zen. Duela mende bat gu bezala zegoen herriak hartu digu abantaila ederra!
Guri ere heldu zaigu historiaren ordua. Eta zertan gabiltza? Agortua dagoen estatutu batean zintzilikatuz gure azken itxaropenen piltzarrak. 30 urteotan demostratua geratu da, zalantzarik gabe, gobernu autonomiko bat ez dela gauza euskararen biziraupena ziurtatzeko. Hau ez da iritzi politiko bat, ez da balantze ideologiko bat; baieztapen enpirikoa baizik. Eta gehiago esango dut: sistema autonomikoa da hizkuntza espainolak hegemoniko izaten jarrai dezan Espainiako estatuak bere neurrira sortu, sostengatu eta zaindu duen sukurtsala, askorentzat erromantikoa izan litekeena, Jose Antonio Agirreren oihartzunak lekarzkeelako, baina zinez gupidagabea dena euskal hiztunon eskubideak suntsitzeko orduan.
Erradikala naizela esaten didate batzuek, eta hala uste dute askok. Baina niri erradikala hemen gertatu dena iruditzen zait: bostehun urtez saiatu dira hizkuntza hau desagerrarazten. Halan-holan eutsi diegu kolpeei, eta orain etsaiari laguntza eske gabiltza hark suntsitu nahi izan duen hizkuntza salbatzeko; eta haren onespena behar dugu gure hizkuntza-politikak martxan jartzeko; eta gustuko ez baditu beto eskubidea du; eta beto eskubide hori bete egiten da, derrigorrezkoa da, inposatua da.
Egoera horren aurrean nik esaten ditudan gauzak gutxienekoak behar lukete, minimoak, abiapuntu huts: hortik gora mintzatu behar luke herri honen ahots kolektiboak historian bere lekua defendatzeko orduan. Baina inozotasun erradikalak bizi gaitu; eta beldurrak; eta konplexuak; eta oharkabe kolonizatuak dauden milaka garunen konplazentziak.
Hemen bide luzea egin du euskara ez dela inposatu behar dion ideia txepel horrek, etsaiak sartu duena, noski, gure garunetan, eta geroztik kendu ezinik gabiltzana. Hizkuntza bat bere lurraldean hedatzea inoiz ez da inposizioa izango; inposizioa litzateke guk Madrilen euskara zabaldu nahi bagenu derrigor, legez eta isunez. Hizkuntza bat, bere lurraldean, ezarri egiten da, hedatu. Inposizioa lurralde-kanpotasunari dago lotua; inposizioa arrotzek burutu dute gugan, ez guk haiengan.
Hala iritsi gara dilema latz baten aurrera: zer nahi dut, borondatezko politika baten ondoren euskara desagertzea, ala derrigorrezko politiken ondorioz euskara bizirik mantentzea? Horri erantzuna ematea ezinbestekoa izango zaigu; eta ez zaigu denbora asko geratzen. Trena gure aurrean pasatzen ari da.