Uztailean ohikoa den gisan, Azpeitia Dantzan ekimena antolatu du Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak. Aurten, dantza ekimenez gain, Jose Mari Orbegozo azpeitiar dantzaria omenduko dute, "Euskal Herri eta Europa mailako saloiko dantza txapelketetan lortutako emaitzengatik". Kultura Sailekoek adierazi dutenez, "ohore handia da hain sari garrantzitsuak lortu dituen dantzaria izatea herrian". Aipamen berezia ere egin nahi diote Orbegozori, "hainbat urtean dantza-eskola dela-eta, gaztetxo eta helduei saloiko dantzak erakusten egin duen lanagatik".
Igandean, hilak 8, egingo diote omenaldia Jose Mari Orbegozori Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Hain zuzen ere, saloiko dantzen emankizuna izango da-eta, gero. Horrenbestez, ekimen horrekin, igandean hasiko da Azpeitia Dantzan ekimena.
Hilaren 14an (zapatua), berriz, Sahatsa Dantza Taldearek ikuskizuna izango da. Soreasun hori ere, 22:00etatik aurrera. Sahatsako dantzariekin batera Julian Barrenetxea Abesbatzako eta Udal Musika Bandako kideak izango dira oholtzan.
Azpeitia Dantzanen baitan, hirugarren eta azken emanaldia, uztailaren 21ean (zapatua) izango da. 22:00etan hasiko da Itsasi Dantza Taldearen ikuskizuna, Soreasun. Taldearen 35. urteurrenaren harira antolatu dute ekimena Itsasikoek.
Emanaldi guztietako sarrera dohakoa izango da.