Urola eskualdeko hainbat herritar eta Udal ordezkarik agerraldia egin zuen atzo, asteazkena, egun gutxi barru EAJk, PSEk eta PPk Juan Karlos Alduntzin Gipuzkoako Ingurumen diputatuaren aurkako zentsura mozioa onartuko dutela-eta, "desadostasuna agertzeko". Agerraldian bildutakoen ustez, "Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea bilatzen du zentsura mozioak".
Euskal Herria Bildu ez dator bat Gipuzkoako Batzar Nagusietan oposizioak hartu duen bidearekin. Izan ere, "oposizioak, orain dela aste gutxi arte, Gipuzkoa geldirik zegoela zioen. Baina, hondakinekin dugun arazoa konpontzeko gai den plana mahai gainean jarri denean, orduan zarataka eta espantuka hasi dira".
Euskal Herria Bilduren ustez, "konponbidea dugu esku artean, eta 200 milioi euro gutxiago kostatuko da; erdia alajaina. Gainera, Europako ebazpenetan oinarritzen da, hau da, birziklatzean, eta ez hondakinen errausketan". Horixe da "gakoa", diote: "EAJk, PSEk eta PPk errauste plantak ez zeukala alternatibarik, baina plan berri honek erakutsi du baietz, badagoela beste aukera ekologikoagoa eta eramangarriagoa".
Agerraldian jakinarazi zutenez, "argi dago errauste plantaren eraikuntzaren atzetik beste interes ekonomiko eta politiko batzuk daudela, eta gipuzkoarren interesak alde batera uzten ari direla". "Gaur zentsura mozioa da, baina argi dago hau ez dela ekimen isolatua", diote: "EAJ, PSE eta PP hirukotearen asmoak argi daude: Gipuzkoan abian den aldaketa politiko eta soziala gelditzea eta ezkerreko soberanista eta independentisten olatua geldiaraztea".
Autobusak Donostira
Euskal Herria Bilduk dio, "herritarren aldetik erantzun bat merezi duela egoera honek". Hala, Urolako herritar guztiei dei egin die uztailaren 7an, zapatua, 17:30ean Donostiako Boulebard-etik Birziklatzeari zentsurarik ez; Gipuzkoa aldatzen ari gara lelopean egingo den manifestazioan parte hartzeko.
Autobusak ere antolatu dituzte. 16:15ean abiatuko da autobusa Azkoitiko liburutegi aurretik. Azpeitian Etxe Zuri taberna aurretik aterako da 16:15ean, eta zestoarrek gurutze parean hartu ahalko dute autobusa 16:30ean.