Munoaundi gunean uztailaren 16an hasiko dira aztarna bila aurten

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 5a, 13:22

Azkoitia eta Azpeitia artean dago Burdin Aroko aztarnategia, eta bizitokia izan zitekeena aztertzen hasiko dira.

Azkoitia eta Azpeitia arteko Munoaundi muinoan dagoen Burdin Aroko aztarnategian uztailaren
16tik abuztuaren 4ra bitartean egingo dituzte indusketa arkeologikoak. 2006an hasi ziren lan horretan Aranzadi Zientzia Elkarteko Historiaurreko kideak, ordutik udaro egin dituzte, Sonia San Jose indusketaren zuzendari dela.

Munoaundin, harresi bat dago, Burdin Aroko herrixka baten babesleku eta bizigune izandako
horma. 2008ko udan herrixkarako sarbidea zena aurkitu zuten eta baita bi dorre egon zitezkenaren arrastoa ere.

Dagoeneko aurtengo jardunaldian zein lan egingo dituzten ere aurreikusita du San Josek, "azken aldietan bezalaxe, aurten ere batik bat sarbidearen inguruan jardungo dugu indusketa lanetan". Baina, hego-mendebaldeko eremua aztertzen ere hasiko dira, indusketa eremua zabalduz, "eremu handiko indusketari ekingo diogu etxebizitzen bila. Bizitokia izan zitekeena ikertzen hasiko gara aurten".

Aurten hogei bat laguneko taldea ariko da Munoaundiko aztarnategian. Tartean, aurreko urteetan ibilitakoak izango dira.

2006tik hainbat aurkikuntza egin dute Munoaundin. 2008an sarbidea zena eta bi dorre aurkitu
zituzten. Horrez gain, errota zirkular bat ere aurkitu zuten, hain zuzen nekazaritzarekin eduki zezakeen loturaren lehen aztarna. Hurrengo urtean, 2009an, zereal aleak berreskuratu zituzten, Munoaundin nekazaritzan aritzen zirenaren informazioa osatuz. Iaz, berriz, tornuzko zeramiken
aztarnekin egin zuten topo ikerlariek, tamaina handiko ontzi baten ertz molduratu baten zatia
eta ontzi txiki eta fin baten ertz irekia aurkitu baitzituzten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide