Denda txikiek eska ditzakete on-line salmentak egiteko laguntzak

Uztarria.eus 2012ko uzt. 6a, 12:22

Eusko Jaurlaritzari E-commerce txekeak eskatzeko epea zabalik da dagoeneko, eta irailaren 7an bukatuko da.

Saltoki txikiek on-line salmenta estrategiak martxan jartzeko diru-laguntza programa jarri du abian Eusko Jaurlaritzak. Saltokien kudeaketa prozesuak merkataritza elektronikorantz bideratzea du helburu laguntzak. Irailaren 7an bukatuko da diru-laguntza eskatzeko epea, aurrekontua ez bada lehenago amaitzen.

E-commerce txekea jarri du parte-hartzaile guztien eskura: hornitzaile homologatuari egindako ordainketa sinbolizatzen duen formatua da, eta negozioak berak aukeratzen du zein izango den programa horiek martxan jarriko dizkion hornitzailea.

Hornitzailearen zerbitzuak emango ditu: "Diagnostikoa egitea jakiteko zein egoeratan dagoen saltokia merkataritza elektronikoaren arloan, saltokia eraldatzeko gomendioak (estrategia) eta estrategian jasotako lehentasunezko ekintzak ezartzea.

Eskaera bat bakarrik

Hiru modalitatetan banatu dute zerbitzua: "Txeke baten zerbitzua: 1.000 euro; bi txekeren zerbitzua: 2.000 euro; eta hiru txekeren balioa: 3.000 euro". Saltoki bakoitzak behin bakarrik eskatu ahalko du e-commerce txekea, modalitateetako batean. 

Programak emandako zerbitzuaren %90 finantzatuko duela ere jakinarazi due, eta saltokiak gainerako %10a eta zerbitzu osoaren BEZa ordaindu beharko ditu. Programari atxikitako eta SPRI-ren (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) webgunean dauden bitarteko eragileek lagunduko diete saltokiei laguntzak tramitatzen.

Informazio gehiagorako SPRI-ra (943 70 21 42) edo Iraurgi Lantzenera deitu behar da (943 85 11 00).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide