Lurrun-trena berriro martxan izango da uztailaren 7tik aurrera

Uztarria.eus 2012ko uzt. 6a, 19:18

Udako denboraldian ohiko ordutegiarekin ibiliko dela iragarri du Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, museotik Lasaora joan-etorrian. Makinista eta suginak trebatzeko ikastaroa ere emango dute udan museoan, Lanbiderekin lankidetzan, gero lan-poltsa osatzeko asmoarekin.

Uztailaren 7tik, bihartik aurrera, lurrun-trenean bidaiatzeko aukera izango da berriro Burdinbidearen Euskal Museoan. Lurrun-trena geldirik egon da joan den udazkenetik, museoaren Fundazioak aurreko zuzendari eta trenaren ardura zuen Juanjo Olaizolarekin izandako gatazka tarteko zela. Lurrun-trena Udako denboraldian ohiko ordutegiarekin ibiliko dela iragarri du Burdinbidearen Euskal Museoaren Fundazioak, museotik Lasaora joan-etorrian, ohi bezala.

Ernesto Gasco, Eusko Jaurlaritzaren Garraio Departamentuko sailburuordeak, eta Maitane Ostolaza Fundazioaren zuzendariak atzo, osteguna, aurkeztu zuten Donostian lurrun-trenaren ibilaldien denboraldi berria. "Zerbitzu hau berreskuratzea ez da erraza izan -aitortu zuen Ostolazak-. Arazo ezberdinek atzeratu dute trenaren irteera, baina hemendik aurrera zerbitzua modu iraunkor eta sendoan bermatuko dugu".

Trena gidatzeko ikastaroa

Lurrun-trena martxan jartzearekin batera, makinista eta suginak trebatzeko ikastaroa ere emango dute udan museoan, Lanbiderekin lankidetzan, gero lan-poltsa osatzeko asmoarekin. Langabezian daudenei zuzendutako ikastaro hori trinkoa izango da.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide