Udalak joan den uztailaren 5eko Udalbatzarrean onartu zuen udal etxebizitza tasatu horiek esleitzeko prozedura abian jartzea. Aipatutako etxebizitzei "irtenbidea eman behar" zaie, eta horregatik ireki dute deialdi berria.
Aurreko deialdiekin alderatuta nobedade nagusia alokairuaren aldeko apustua da. Horrela, Nuarbeko zazpi etxebizitza tasatuak alokairuan ematea erabaki du Udalak; Enparan kaleko biak ere alokairuan emango ditu, erosteko aukerarekin; Ibai Eder kalekoa, berriz, salgai jarriko du.
Etxebizitza horietan interesatuta daudenek eskakizunak eta dokumentazioa uztailaren 27a baino lehen aurkeztu behar dituzte Azpeitia Lantzenen egoitzan, Sindikatu Zaharrean. Astelehenetik ostiralera 08:00etatik 14:30era irekita daude Azpeitia Lantzenen bulegoak. Informazioa nahi izanez gero, hango 943 157183 telefonora ere deitu daiteke.