Gaztetxeko VII. urteurrena ospatuko dute zapatuan

Uztarria.eus 2012ko uzt. 16a, 14:55

Gaztetxeko kideek gaur, astelehena, eman dute urteurren festa aurkezteko prentsaurrekoa.

Zapaturako, hilak 21, egun osoko egitaraua prestatu dute gaztetxeko kideek eta azken urteetako legez, baltsa jaitsiera izango da, 12:00etan hasita. Gaztetxekoek esan dutenez, "urteurreneko ospakizuna herritar guztientzat da, eta bertan parte hartzera gonbidatzen dugu nahi duen oro".

Azpeitiko Gaztetxeak zazpi urte bete zituen atzo, uztailak 15. Hori dela-eta, datorren zapatuan, hilak 21, urteurreneko festa izango da egun osoan. Gaur aurkeztu dute zapaturako egitaraua gaztetxeko kideek. Gaztetxearen funtzionamendua aurrera ateratzeko "zazpi urteotan bezalaxe, azken urtean ere hainbat ekimen eta lan egin ditugu, eta komunikazio, aisialdi, azpiegitura, gazte problematika zein diru zaintzako taldeak martxan izan dira", azaldu dute.

Aurten ere baltsa erakusketarekin eta hamaiketakorekin hasiko dute eguna. Plazan izango dira 11:00etatik aurrera. Gero, 12:00etan, hasiko da baltsa jaitsiera. Gaztetxekoek esan dutenez, "parte hartzera animatu nahi ditugu herritar guztiak: prestatzen hasi ez zaretenoi astebete falta zaizue eta oraindik garaiz zabiltzate". Ibaia "errespetatzeko" eskatu dute, gainera: "urtarrilean ibaia garbitzen ibili ginen eta orain ez dezagun zikindu baltsa jaitsieragatik". Dena dela, gaztetxeko kideek egindako baltsa beste guztien atzetik joango dela jakinarazi dute, "uretan gelditzen diren traste eta zikinkeriak jasotzen".

Behin baltsa jaitsiera bukatutakoan, 14:00ak aldera, bazkaria izango da gaztetxean. Sarrerak salgai daude dagoeneko Orkatz eta Txarrantxa tabernetan. Langileek hamabi euro ordaindu beharko dute, eta langabetuek, berriz, zortzi euro. Bazkalostean urteko errepaso bideoa eta baltsa jaitsierako sari-banaketa egingo dute. Hori guztia bukatutakoan, dultzaineroek, trikitilariek eta gaiteroek lagunduta, kalejira aldarrikatzailea izango da. Horrekin batera, ur jolasak egingo dituzte.

Kalejiraren ostean, gosetzen direnek afari-merienda izango dute gaztetxean, eta kontzertuekin bukatuko da Gaztetxearen urteurren festa. Gaztetxekoek esan dutenez, "urteurreneko ospakizuna herritar guztientzat da, eta bertan parte hartzera gonbidatzen dugu nahi duen oro".

Hemen egitaraua osorik:

11:00etan, baltsa erakusketa eta hamaiketakoa.

12:00etan, baltsa jaitsiera.

14:00etan, bazkaria gaztetxean. Segidan, urteko errepasoa bideoan eta baltsa jaitsierako sari banaketa.

Bazkalostean, dultzainero, trikitalari eta gaiteroekin kalejira aldarrikatzailea.

20:00etan, afari-merienda gaztetxean.

22:30ean, kontzertuak gaztetxean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide