Urtarrilaren 21a jai eguna izango da 2013an

Uztarria.eus 2012ko uzt. 16a, 18:46

San Tomas eta San Sebastian astebukaeran ospatuko direnez, Udalari herriko jai egun bat aukeratzea zegokion eta San Sebastian hurrengo eguna, astelehena, hautatu zuten azken udalbatzarrean. Bi mozio ere onartu zituzten: LGTBQ kolektiboarena bata eta Aritz Arzallusi elkartasuna adierazteko bestea.

Ez ohiko jai egun bat izango du Azpeitiak 2013ko egutegian: urtarrilaren 21a. Horrela ebatzi zuten, aho batez, uztailaren 6ko udalbatzan.

Datorren urtean San Tomas eta San Sebastian egunak astebukaeran ospatuko dira; zapatuan eta igandean egokitu dira, hurrenez hurren, bi festa egunak. Horrenbestez, Azpeitiko Udalari tokiko edo herriko jai egun bat ezartzea zegokion, eta San Sebastian hurrengo eguna, urtarrilaren 21a eta astelehena, izan da hautatu dutena.

Bi mozio

Bi mozio ere onartu zituzten: LGTBQ kolektiboarena bata eta Aritz Arzallusi elkartasuna adierazteko bestea.

Lesbiana, gay, transexual eta transgeneroen (LGTBQ kolektiboa) liberazio eguna ospatu zen ekainaren 28an eta, egun batzuk beranduago, kolektibo horren askatasun sexualaren aldeko deklarazioa onartu zuen Azpeitiko Udalak, aho batez.

Presoen eskubideen aldeko pankarta bat jartzeagatik zigortua izan den Aritz Arzallusen aldeko mozioa ere onartu zuten udalbatzan. Kasu horretan, Bilduk aurkeztu zuen mozioa, eta Bilduren aldeko botoekin onartu zen. EAJk beste idatzi bat aurkeztu zuen, baina hura ez zuten bozkatu.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide