Hilaren 27rako eman behar da izena Bakallau Txapelketan

Uztarria.eus 2012ko uzt. 18a, 14:14

Iazko txapelketaren irabazleak eta festa batzordeko kideak, atzoko aurkezpenean.

Saninazio bigarrenean, abuztuaren 1ean, izango da txapelketa. Aurtengoa antolatzen duten bosgarren aldia da, eta txapelketa bukatutakoan 200 lagunentzako afaria izango da berdura plazan.

Aurten ere ez du hutsik egingo Bakallau Txapelketak. Bosgarren urtez jarraian saninazio bigarrenean plaza sukaldariz beteko da. HaujijiJAI Festa Herrikoien Batzordeak antolatu du txapelketa, eta adierazi dutenez, "aurtengoa ere arrakastaz betetako goiza izatea nahiko genuke eta dei berezia egiten diegu urte guztian sukaldean jo eta su lanean aritzen diren emakumeei".

Abuztuaren 1ean partaideek 10:45erako plazan egon beharko dute, nahiz eta lehiaketa 11:00etan hasiko den. Bi minutuko tartearekin hasiko dira sukaldatzen, eta talde bakoitzak 40 minutu izango ditu kilo bat bakailao pil-pil erara prestatzeko.

Txapelketa bukatutakoan, prestatutako bakailaoa dastatzeko aukera izango da plaza berduran egingo den bazkarian. Bazkarirako sarrerak egunean bertan erosi ahalko dira. 200 lagunentzako tokia izango da, eta norbaitek prestatutako bakailaoa etxera eraman nahi baldin badu, 60 euro ordaindu beharko ditu.

Izen-ematea hilaren 27an, ostirala, bukatuko da. Herriko hainbat tabernetan egongo dira izena emateko orriak, eta udaletxean aurkeztu beharko dira inskripzioak. Bestela, 943 15 70 68 zenbakira deituta eman daiteke izena. Parte hartzea mugatua izango da: 40 bikote edo hirukote.

Osagaiak eta materiala

Festa Herrikoien Batzordeak jarriko du beharrezkoa den bakailaoa, olioa eta baratzuria. Hori bai, prestatu beharrekoari beste osagairen bat gehitzeko aukera izango dute parte hartzaileek. Materialari dagokionez, antolatzaileek jarriko dituzte sua eta mahaiak. Sukaldeko ontziak, berriz, norberak eraman beharko ditu.

Epaimahaia

Sukaldari profesionalek, herritarrek eta gonbidatu bereziek osatuko dute epaimahaia. Puntuak ematerakoan, bakailaoaren aurkezpena eta saltsa hartuko dituzte kontuan.

Sariak

Honakoak izango dira 2012ko Bakallau Txapelketako sariak:

Sariak, berriz, honakoak izango dira:

1. sailkatua: 4 lagunentzako afaria Kiruri jatetxean.

2. sailkatua: 2 lagunentzako otordua Sagasti-Zahar jatetxean.

3. sailkatua: 2 kilo txuleta eta ardo kaxa.


Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide