Aurtengo saninazioei hasiera emango dien suziria Marea Arroxak botako du. Hilaren 30ean, San Inazio bezperan, 12:00etan botako dute suziria udaletxeko balkoitik. Azpeitiko Udalak atera duen eta etxez etxe banatzen ari diren saninazioetako programan jartzen duenez, "Marea Arroxak duen garrantzia nabarmendu nahi genuke. Errekonozimendu berezia egin nahi diogu, elkarlanaren emaitzak bikainak izan daitezkeela argi eta garbi erakusten dutelako. Azpeitiko festak herrikoitzeko, euskalduntzeko, parte-hartzaileagoak izateko lana ordainezina da".
Behin festei hasiera emateko txupinazoa botata, abuztuaren 2ra arte izango da jai giroa herrian.
Saninazioetako abestia
Aurtengo saninazioek izango dute berrikuntzarik. Nabarmenenetakoa da saninazioetarako Felipe Murillok eta Unai Frantzesenak egin duten abestia. Txupinazoaren ostean joko dute jendaurrean aurreneko aldiz, Udal Musika Bandak eta Skandalue elektrotxarangak.
Aurretik, aste bukaera honetan, entzungai izango da herriko tarbenetan. Frantzesenak adierazi duenez, "asmoa da astebururako nahasketa batzuk egin eta tabernetan jartzea. Ez da, ordea, behin betiko nahasketa izango. Astearterako-edo nahasketa guztiak eginda, bukatuta izatea espero dugu".
Hemen abestiaren letra:
Hiru egun,
hiru gau
baina zer da hau!
Denok batera
kantu eta dantza
bete da enparantza.
Nahikoa janda
pixkat edanda
egin dugu eztanda
a ze parranda!
Aurrera herria
festetan goza
hemen da eta
marea arroxa (bis).
Hiru egun
hiru gau
baina zer da hau
lertu da poza
gaua ta goiza
nahi ditugu goza.
Nahikoa janda
pixkat edanda
egin dugu eztanda
a ze parranda!
Heldu eta gazte
emakume gizon
txikiak handiak
zaharrak eta berriak
denok dantzara
mugituz gerriak.
Aurrera herria
festetan goza
hemen da eta
marea arroxa (bis).