Baserritarren Eguna izango da igandean

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 20a, 13:04

Sagardo txapelketaren aurkezpena, herenegun, AƱotan. (Nerea Uranga)

Sagardo proba 40. urtez egingo da aurten: "hainbeste urtean etenik izan gabe egin den beste txapelketarik ez dago Euskal Herrian". Gazta, txekor erre eta hegaluze pintxoak jateko aukera ere egongo da plazan.

 

Azpeitia igandean murgilduko da bete-betean festetan. Santio eguna asteguna denez, igandean ospatuko da Baserritarren Eguna. Errotutako festa da, egun herrikoia. Herriko plaza eta inguruak bihurtuko dira jaiaren gune garrantzitsuenak. Musika Bandak eta Izarraitz Txistulari Elkarteak iragarriko dute festa eguna goizean goiz, eta ondorenera askotako ekitaldiak izango dira.

Frontoi Txikian, urtero bezala, Ilunpe Pilota Elkarteko pilotariek Cesar Valverde Sariko finalak jokatuko dituzte, 10:30ean hasita. Benjamin aurreko lehenengo urtekoetan, Errasti eta Muñoz ariko dira elkarren aurka; bigarren urteko benjamin aurrekoetan, Alonso eta Letamendia ariko dira; benjaminetan, Egiguren eta Elosegi; alebinetan, Garate eta Peña Gurrutxaga eta Aranbarriren kontra; eta, infantiletan, Egiguren eta Arrizabalaga Iriarte eta Aizpururen aurka.

Eguerdi aldera, jan-edanaren txanda izango da herriko plazan. Bertan, 1,5 euro ordainduta txekor errearen pintxoa edota parrillan erretako hegaluzearen pintxoa dastatzeko aukera egongo da. Han bildutako dirua, garapen bidean dauden herrialdetara bidaltzeko izango da, urtero bezalaxe.

Ardi gaztaren pintxoak saltzeko postuak egongo dira plazan, eta baita ardi gazta txapelketa ere. Aurtengo honetan, lehiaketan parte hartzeko 22 gaztagilek eman dute izena.

Euskal Herriko zaharrena

Eraberean, Azpeitiko 40. Sagardo Txapelketa hasiko da plazako arkupetan Azpeitiko Udalaren babesarekin, Goikabi, Loiolatxo eta Landeta elkarteek antolatuta. Horiez gainera, urtero Tolosako Batasuna elkartekoen laguntza izaten dute. Antolatzaileek azaldu dutenez, Euskal Herriko sagardo lehiaketa zaharrena da Azpeitikoa: "Sagardozale Elkartetik eta ingurutik jasotako datuen arabera behintzat, hainbeste urte etenik egin gabe egin den txapelketarik ez dago Euskal Herrian; lehenago hasitako batzuk egongo ziren, baina bidean gelditutako
asko dago hor".

Aurreko urteetako egitura izango du sagardo txapelketak, bi txapelketa paralelo egingo dira: bata, zortzi epaimahaikidek erabakiko dutena eta bestea, postuz postu, herriko elkarteetako kideek erabakitakoa. Bietarako sagardo berdina ekartzeko eskatu diete sagardozaleei, "batzuk saiatzen dira bietara desberdina ekartzen, baina hor gogorrak izango gara, sagardozaleek bi txapelketetara sagardo berdina ekarri dezaten"


23 sagardozale izango dira aurten eta denen artean 2.800 botila ekarriko dituzte. "Sagardozale gehiago amorratzen dago etortzeko, baina plazako arkupetan ez dago tokirik", azaldu dute antolatzaileek. Edalontziak saltzeko postu bat ere jarriko dute plazan bertan.

Giroaalaitzen, bertsolariak eta trikitilariak ere ariko dira plazako oholtzan. Eguerdirako, Euskadiko Blonda arrazako ganadu txapelketa hasita egongo da, azoka plaza atzean.

Salaketa festara ekarrita

Aldarrikapenak eta salaketak ere hartuko du lekua igandeko festaren baitan. Ekainaren erditik greba mugagabean dauden Corrugados Azpeitiako langileek deituta, kaleratzeen eta ezarri nahi dizkieten murrizketen kontra, manifestaziora deitu dute. 12:00etan hasiko damobilizazioa, Etxe Zuri taberna aurretik. Herritarrei ere bertan parte hartzeko deialdia egin diete langileek.

Autobus geltokia aldatuta

Azpeitian herriko festak ospatuko direla-eta, igande honetan eta uztailaren 26tik abuztuaren 3ra bitartean autobusek geraleku desberdinak izango dituzte herrian: hau da, Julian Elorza hiribidean eta Trenaren Museo aurrean ez dira geldituko autobusak. Egun horietan Zumaia eta Azkoiti alderako autobusak Enparan Gainean geldituko dira.

Egitarau osoa hemen:

09:00etan, Azpeitiko Musika Bandaren eta Izarraitz Txistulari taldearen goiz eresia.

10:30etan, XXXI. Usakume Tiro Txapelketa, Lapatxen. 10:30etik 13:30era eta 16:00etatik 18:00etara.

10:30ean, Ilunpe Pilota Elkartearen XXVIII. PilotaTxapelketa, Cesar Valverde Saria, Frontoi Txikian.

11:00etan, Euskadi mailako ganadu erakusketa eta txapelketa, azoka plaza atzean.

11:00etan, XIV. Gazta Lehiaketa.

12:00etan, 40.Sagardo Txapelketa, herriko plazan.

- Txekor errea eta hegaluzea parrillan.

- Bertsolarien saioa:Andoni Egaña eta Sebastian Lizaso. Bestetik, Laja, Mikel eta Ezenarro trikirilariak eta dultzaineroak.

18:00etan, Kantu poteoa,San Martin egoitzatik hasita.

18:30ean, Errekortari 2012 eta Zezen Beltz Saria, zezen-plazan.

19:30etik 22:30era, Los Pasai txarangaren kalejira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide