Blonda arrazako 97 behi izango dira txapelketan

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 20a, 13:09

Gorka Elortza, Imanol Lazkano eta IƱaki Portilla zinegotzia atzo blonda arrazako Euskadiko ganadu txapelketaren aurkezpenean. (Nerea Uranga)

Zortzi ukuilutatik ekarriko dute ganadua, eta horietatik hiru herrikoak dira: Gaztelu, Agite eta Eizmendi.

Igandean, Baserritarren Egunaren baitan, Blonda arrazako ganaduaren Euskadiko 17. txapelketa eta erakusketa jokatuko da Azpeitian; bi urtetik behin egiten da hemen. 09:30ean hasiko da. Bizkaiko eta Gipuzkoako zortzi ukuilutako 97 buru ekarriko dituzte. Gipuzkoa ukuiluak bost dira, eta horietatik hiru Azpeitikoak: Gaztelu, Agite eta Eizmendi. "Nafarroatik ere ekarri nahi genituen, baina hango ganaduzaleei ganadua sokara ohitzea zaila egiten zaie. Ea bi urte barru lortzen dugun", azaldu du Gorka Elortza antolatzaileak.

97 buruak hamazazpi ataletan banatu dituzte, eta atal bakoitzeko sariak banatuko dituzte. Baina, beste sari berezi batzuk ere emango dira: ukuilu, idisko eta behirik onenari, eta Aberekinek
ematen duen hazitik sortutako sari berezia. Epaileak Behe Nafarroakoak eta Zuberokoak dira. Antolatzaileen asmoa, ganadu erakusketa eta txapelketa "ahalik eta erakargarriena" izatea da.

Berez enkanterako animaliarik ez da apuntatu. Baina,txapelketara datozen hiru idisko saltzeko aukera dago, eta norbait erostera animatuko balitz enkantea martxan jarriko dute. "Badakigu
iparraldetik, Madriletik eta Kantabriatik lagun taldeak etortzekoak direla, eta horien artean erosle posibleren bat egon daiteke", gaineratu du Elortzak. 

Imanol Lazkano ganaduzaleak parte hartuko du txapelketan. Haren arabera, "Blonda, haragi behia da, eta oraindik nahiko arraza berria. Iparraldean eta Frantzian asko lantzen ari dira eta hemen ere azken urteotan lan izugarria egin da". Horregatik, egindako lana erakusteko aukera ematea garrantzitsua dela dio.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide