Alduntzinen lana goraipatu du Errazkin Ingurumen diputatu berriak

Berria.info 2012ko uzt. 23a, 17:58

Garitano ahaldun nagusiak uztailaren 20an iragarri ondoren, gaur izendatu du Gipuzkoako Ingurumen diputatu Azpeitiko alkate ohia. Aldundiko arduradun guztiak egon dira ekitaldian. Hondakinen auziagatik kendu zuten postutik EAJk, PSEk eta PPk Alduntzin. Gaurko kargu hartzeko argazkia.

Iñaki Errazkinek gaur goizean hartu du Gipuzkoako Ingurumen eta Lurralde Antolaketa diputatu kargua, aurreko ostiralean Foru Aldundiak iragarri bezala, eta lehengo arduradun Juan Carlos Alduntzinen lana goraipatu du.

Aldundiaren egoitzan egin dute ekitaldia, Donostian, eta Martin Garitano ahaldun nagusiak izendatu du Errazkin diputatu. Han izan dira foru diputatu guztiak, baita Alduntzin ere. Alduntzin kargutik hilaren 6an kendu zuten EAJk, PSE-EEk eta PPk, zentsura mozio bidez, hondakinen auzia dela medio.

Ahaldun nagusiak nabarmendu duenez, arduradun berriak "esperientzia handia" du ingurumen gaietan, eta alor horretako diputatu izateko ahalmena "frogatuta" du.

Errazkinek konfiantza eman izana eskertu dio Garitanori. Hura legealdi hasieratik ahaldun nagusiaren kabinete burua izan da. 2007-2009ra Azpeitiko alkate izan zen, ANVtik.

Uztailaren 6ko bilkuran Alduntzinek iragarri zuen Aldundiak hondakinen arloan plan berarekin segituko duela. PSEk eta PPk Garitanori errotik aldatzeko eskatu zioten: "Martin Garitano jauna: segitu harrokeria horrekin, kultura eta jardunbide demokratikoak gutxiesten, eta ikusiko duzu nola aldatu beharko duzun eserlekua berandu baino lehen". EAJk, oraingoz, baztertu egin zuen ahaldun nagusia kaleratzea, baina jarrera "aldatzeko" eskatu zion.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide