Ikuskizun bikaina errekortadoreetan

Urola Kostako Hitza 2012ko uzt. 24a, 12:30

Atzo, igandea (uztailak 22), Errekortari 2012ko lehen finalaurrekoa eta II. Zezen Beltz Saria jokatu ziren Azpeitiko zezen-plazan. Plaza jendez bete zen aurtengoan ere. Nafarroako Makua ganadutegiko zezen dotoreak ikusteko aukera izan zen, gainera parte hartu zuten hamasei errekortariek ikuskizun bikaina eskaini zuten. Zezenek sustoak ere eman zituzten, pare bat aldiz zezen-plazako barrerak saltatzen saiatu ziren, eta Chipu de Arganda errekortariak adarkada jaso zuen, ondorioz Zumarragako ospitalera eraman zuten. Antolatzaileen arabera, errekortariak ez zuen zauri larririk. Errekorte ederrak eta jauzi ikugarriak ikusteko aukera izan zen atzokoan. Errekortarien artean, Azpeitiko sokamuturrean ezagunak diren Iker Agirre Txili eta Unai Arana Xurrabergararrak ere aritu ziren.

Aurreneko saioen ondoren, lehen lau sailkatuek jokatu zuten Zezen Beltz saria: Sergio Vallek, Julian Gomez Carpio-k, Jonatan Estebanez Peta-k eta Sergio Urruticoecheak. Sariaren irabazlea Peta izan zen, eta errekorte onenaren saria, berriz, Serio Vallek irabazi zuen. Atzoko Azpeitiko errekortarien ikuskizuna ETB1ean emango dute uztailaren 29an (igandea), 21:00etan.

Abuztuaren 17an Tafallan (nafarroa) jokatuko den finalerako atzo Azpeitian sailkatutako zortzi errekortariak:

1. Jonatan Estebanez Peta.

2. Sergio Valle.

3. Sergio Urruticoechea.

4. Julian Gomez Carpio.

5. Sergio Delgado.

6. Eloy Pueyo.

7. Mikael Romero.

8. Chipu de Arganda.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide