"Sanagustinek bere bidea hartu du, eta erronka berrien garaia da"

Erabiltzailearen aurpegia Urola Kostako Hitza (Onintza Lete) 2012ko uzt. 26a, 10:30

Kepa Urbieta eta Xabier Aranbarri, Sanagustin kulturgunearen atarian.

169 ekitaldi eta 20.000 ikus-entzule. Horiek dira Azpeitiko Sanagustin kulturguneak Kultur Mahaiak kudeatzen duenetik lehen urtebetean eman dituen datuetako batzuk. Kultur Mahaitik sortutako proiektuak helburu garbiekin begiratzen dio etorkizunari. Xabier Aranbarri eta Kepa Urbieta Sanagustineko arduradunekin egon da 'Hitza'.

Hasieran hautsak harrotu bazituen ere, bare-bare iritsi da Sanagustin kulturgunea lehen urteurrenera. Saninzaioen atarian, Azpeitiko Kultur Mahaiak abiatutakoa proiektu "irekia, plurala eta herrian onartua" dela uste dute Sanagustineko kudeatzaile Xabier Aranbarrik (Azpeitia, 1970) eta dinamizatzaile Kepa Urbietak (Azpeitia, 1981). Kultur Mahaiko teknikaria ere bada Urbieta. Orain arte egindakoaren balorazioa eta etorkizuneko helburuen berri eman diote Hitza-ri.  

Urtebetean 169 ekitaldi kontatu dituzue. Zein da lehen urte honetako balorazioa? 

Xabier Aranbarri: Gure ustez, behintzat, oso harrera ona izan du Sanagustinek. Era guztietako jendea ibiltzen da, ordutegi aldetik ere zabala da, ostalaritza guneak ere oso harrera ona izan du. 20.000 lagun inguru izan dira 169 ekitaldietan, eta kopuru polita da horrelako herri batentzat. Gustura gaude izan dugun harrerarekin, baina nahiago dugu galdera horri beste batzuek erantzutea.

Kepa Urbieta: Guk ditugun datuak eta barne mailako datuak oso positiboak dira; balorazio ona egiten dugu, baina kanpoko iritziak ere jaso nahi ditugu. Hemendik eta urtea amaitu bitartean saiatuko gara horretan ere. Ea guk hartutako itxurarekin bat egiten duten herriak eta Kultur Mahaiko taldeak ere. 

Nola egingo duzue iritzi bilketa hori?

X.A.: Iradokizunak Internet bidez nahiz Sanagustinen bertan jasotzeko bidean badaude, baina ez dute funtzionatzen. Horregatik, geu joango gara jendearengana iritziak biltzeko. 

K.U.: Guk nahikoa argi dugu ondo joateko zer bide hartu behar dugun, baina honek aurrera irtengo du herriak nahi badu, eta horregatik jakin nahi dugu bide onetik goazen, edo zer pentsatzen duten herritarrek.

Izan ere, proiektu handizalea da hau; azpiegitura aldetik ere indartsua da. Zer balorazio egiten duzue ekonomikoki? Ekitaldi batzuetan, We are Standard musika taldeak jo zuenean, esaterako, aretoa erdi hutsik ikusten zen. 

X.A.: Argi dugu Sanagustinek, alde batetik, herriko taldeen eta eragileen lehenengo plaza izan behar duela. Baina poliki-poliki nahi dugu euskal kultur zirkuitu horretako plaza garrantzitsu bat izatea ere. Aitzealdenk ekimenaren barruan izan ziren We are Standard aipatu duzunez, 300 lagun izan ziren kontzertu horretan, eta berez hori da gure muga kontzertuetarako. Gainera, Aitzealdenk ekimenarekin espero ez genuen tokietara iritsi gara. Ekimen horrek eragina izan du, ekonomikoki baino gehiago promozio aldetik, ezagutzera eman gaituelako; ez bakarrik Euskal Herri mailan, kanpoan ere bai.

K.U.: Estatuko taldeek ere bidali zizkiguten mezuak esanez badakitela urrian berriz antolatuko dugula Aitzealdenk, eta beren burua eskainiz hemen jotzeko. 

X.A.: Lehen egindako inbertsio hori berreskuratzeko garaia da orain, eta hasita gaude; oso desberdina delako zu talde baten bila joatea, eta berak nahi izatea hemen jotzea. 

Hitz egin dezagun helburuez. Zein asmo dituzue aurrera begira?

X.A.: Ekonomikoki proiektua maila honetan egonkortu nahi dugu. Proiektu hau bideragarria den galdetzen denean, proiektu hau bideragarria izateko modua dago, ikusi beharra dago zer mailatan kokatzen garen, eta maila hori bideragarria al den. Hemengo irabazi guztiak kulturan inbertituko dira berriz, beraz geu kokatu behar gara maila horretan. Bestetik, euskal kulturgintza mailan kulturgunea ezagutarazi nahi dugu. Eta hor ere ari gara geure lekua egiten. Inbertsio batzuk egin ditugu kultur ekitaldi aldetik, promozio aldetik, eta hasi dira beren fruituak ematen. Helburu garrantzitsu bezala daukagu baita ere herri mailan orain arte izan duen harrera hori mantentzea. Geu herri mailan koordinazio lanean pixka bat sartzea ere nahi dugu. Hortik aparte beste mila ideia eta gauza daude, baina horiek denak hartu aurretik egin behar duguna zera da, daukaguna egonkortzea. 

Proiektuak herrian harrera ona izan duela aipatu duzue. Hasieran behintzat egon ziren alderdi politikoren baten aldetik eta tabernari batzuen aldetik oztopoak, edo behintzat kontrako jarrerak.

K.U.: Horren harira esango nuke, eta hau Kultur Mahaiaren proiektua denez, Kultur Mahaiak hasieratik duela bere filosofian eta bere izaeran esanda, idatzita eta ezarrita ez dela politikan sartuko. Gu kulturan ari gara lanean, ustez, eta esan dugun bezala, herrira begira eta bide onetik. Hortaz, hala jarraituko dugu.

X.A.: Proiektu hau guztiz plurala da. Izaera guztiz soziala du, eta Azpeitiko herri osoarentzat da. Horregatik, nik eskertuko nuke zerbait kontra edo alde esateko duenak, aportatzeko duenak, hitz egin dezala gurekin. Hemen ateak zabalik ditugu, eta lasai-lasai edozeinekin hitz egiteko prest gaude. 

Ostalaritza zerbitzua ematen duzuen aldetik, berau martxan jarri zenutenean kalean entzun izan ziren "konpetentzia desleiala" bezalako esamoldeak.

X.A.: Ez dakit konpetentzia desleiala zeri deitzen zaion. Gu alde zaharreko tabernarien elkartean sartuta gaude. Normala den bezala, hasieran egon zen halako zera bat, baina orain nik uste dut oso ondo ari garela moldatzen, eta gainera pixka bat ari gara elkarte horri forma bat ematen. Hortik aurrera, ulertzekoa da, badakigu denok zer egoera ekonomikotan gauden. Egiten ditugun balorazioetan alde zaharreko tabernariek behintzat esaten digute beste martxa bat jarri duela Sanagustinek, baina baliteke beste laino handi horrek, dugun egoera ekonomiko horrek, dena estaltzea. 

Zeuek egindako balorazioan ere, Sanagustinek "inguruan eragin positiboa" egiten duela uste duzue.

X.A.: Bai, horiek gainera datu objektiboak dira. Badakigu hori gertatu dela. Badakigu, era berean, askoz gehiago egin daitekeela. Eta horretara goaz. Baina askoz gehiago hori denon artean egin behar dugu. Sanagustin kulturgunea kudeatzen duena kooperatiba bat da, enpresa bat, agian motorra izan daiteke, baina berak bakarrik ezin ditu proiektu guztiak burutu. Eragile guztiekin elkarlanean egin behar dira ekintzak.

K.U.: Sanagustinen proiektuaren  ardatza kultura da, baina baditu beste adar batzuk eta horiek ere beren pisua dute proiektuan: alde zaharrari indarra ematen laguntzea, biziberritzen laguntzea; kulturgunetik kanpoko beste ekimenak antolatzen direnean ere beste babes bat izatea Sanagustin... Hasierako beldur hura bazegoen, baina ez dakit, tabernarien elkartean gauden momentutik ari gara hori lantzen. Gainera, lehen ere esan dugu, hemengo irabaziak kulturan inbertituko dira.

Kultur Mahaiak batzarra egin zuen joan den astean. Sanagustin izan zen puntuetako bat, baina ez bakarra. 

X.A.: Lehen gaia izan zen Sanagustinen lehenengo urtebeteko txostena prestatzea. Izan ere, hori publiko egin aurretik Kultur Mahaian aurkezten da. 

K.U.: 2012an egindakoa baloratu dugu, eta Kultur Mahai bezala gogoeta fase batean gabiltza. Orain arte gauza asko egin ditugu: garai batean komunikazio arloa lantzen hasi ginen lapikue.net webgunearekin, bestelako proiektu batzuk ere atera dira, eta azken urteetan, egia esan, Sanagustineko proiektuari helduta ibili gara, eta horra begira. Baina jada Sanagustinek bere lan taldea du, bere bidea hartu du, erronka berrien garaia da. Aurrera begira zer proiektu edo zeri heldu, gogoeta horretan ari gara. Kultur Mahaitik dugun beste adartxo txiki bat Talde Eragilea da, bi astetik behin biltzen da, eta talde horretan ibili gara azken hilabeteetan aurrera begira zer egin daitekeen eta ideia batzuk biltzen. Batzarrean aurkeztu genituen joan den astean. Mahai gainean jarri ditugu, baina oraindik forma emateko dago. Irailetik aurrera hasiko gara taldeekin biltzen, taldeek beraiek ere gogoeta hori egin dezaten, ea beraiek zer ikusten duten eta hortik zer ateratzen den. 2013tik aurrera gauza berriak lantzen hasteko asmoa dugu.

X.A.: Azken batean, Sanagustin Kultur Mahaiaren proiektu bat da, proiektu garrantzitsu bat, baina ez da hor amaitzen Kultur Mahaia. Kultur Mahaiak bere ibilbidea jarraitu behar du: Sanagustinek jada enpresa forma bat du, bere kudeaketa du, eta poliki-poliki proiektu berriekin aurrera joan behar dute Kultur Mahaian.

Kultur Mahaiarekin jarraituz, hor da go Soreasu. Zer balorazio egiten du Kultur Mahaiak azpiegitura horretaz, zer izan behar luke Soreasuk?

K.U.: Udalarekin eseri beharko dugu noiz edo noiz eta hitz egin, ez Soreasuz bakarrik, herrian egon daitezkeen beste kultur erabilerarako areto guneetaz ere bai. Betharrametaz, adibidez. Halako guneetan zer proiektu bideratu daitezkeen, zer funtzio eman, nola kudeatu hori... hitz egin beharko da gauza horietaz. Beti esaten dugu Sanagustinen, Soreasuren eta Betharramen arteko sinergia lortu behar dela. Dena ez da zentralizatu behar batean edo bestean. Egia esan oraindik ez gara lan horretan hasi. Azken urtea Sanagustini dedikatu diogu, baina orain bere lan taldea du eta hori alde batera utziko dugu eta gogoeta fasean ere irten du Soreasuk. Beraz, ea zer ateratzen den hausnarketa horretatik. 

X.A.: Azken batean, nahi edo nahi ez Soreasu hor dago. Gure proiektuak eta Soreasuk ez dute zerikusirik, baina aretoa hor dago eta oso txukuna da. Horregatik, Sanagustin kulturgune kooperatibak sinergia horiek lantzea eta aprobetxatzea pentsatzen du, beti ere udalarekin elkarlanean. Sanagustinek eserita 300 lagun hartzen ditu eta Soreasuk 550, aukerak badaude bat eta bestea pixka bat uztartzeko.

K.U.: Heldu beharreko gai bat da eta helduko diogu.  

Kultur Mahaia bera zein egoeratan dago orain, nola baloratzen duzue?

K.U.: Kultur Mahaiaren helburuetako bat zen herriko taldeen arteko harremanak lantzea. Oraindik ere arlo horretan badago zer hobetua baina bere funtzioa betetzen ari da Kultur Mahaia, bere lana egiten ari da, taldeek beren iritzia dute beti, eta orain arte egin diren proiektuak ere hor daude: lapikue.net sortu zen hasieran, bere funtzioa bete zuen baina ikusi dugu egokiagoa dela askoz ere herriko beste eragile nagusia den Uztarriarekin bat egitea eta ez dago inongo arazorik proiektu bat aparkatu eta beste batekin hasteko. Sanagustinekin nik uste dut erabat asmatu dugula. Hor gelditzen zaigu orain egutegi orekatuaren proiektua; hau da, eragile denen artean lortzea egutegia orekatuagoa izatea, egun batean bost ekimen eta hurrengoan batere ez egotea ekiditeko. Horri heldu behar diogu.

Eskualdean aitzindariak izan zarete Kultur Mahaia bezalako tresna bat martxan jartzen.

X.A.: 15-20 herritatik etorri zaizkigu proiektu honekiko interes handia erakutsiz. Benetan harrituta gelditu dira Kultur Mahaiak egin duen lanarekin eta momentu honetan eskaini dezakegunarekin. Eredugarria gertatzen ari da Euskal Herri mailan. Sortzaileen topaketak ere hemen izan ziren, eta han lehen ondorio bezala garbi ikusten zen honelako proiektuen beharra duela euskal kulturak. Hainbat arrazoigatik. 

Zein dira arrazoi horiek?

X.A.: Alde batetik, herritik ateratzen diren proiektuak direlako eta kultur munduan dabiltzanen proiektuak direlako. Bestetik, euskal kulturak administrazioarekiko duen dependentzia jaisten joateko. Izan ere, tamalez, oraindik kultur ekintza gehienak administrazioak kontratatutakoak izaten dira, eta guk nahiz eta hemen Sanagustinek ere administrazioaren laguntza hori behar izan, %80 geu aufinantzatzen gara. Koska handia da hori. 

K.U.: Bizitzen ari garen krisi egoera honetan administrazio publikoak mozten duen diru iturri lehenetarikoa kultura izaten da. Bide horretatik, uste dut Kultur Mahaiak atera duen proiektua bezalako asko behar direla euskal kultura mantentzeko. 

X.A.: Kulturari duen garrantzia ez zaiola ematen esango nuke. Kultura ez da ekitaldi batzuk ikustea edo ekitaldi batzuk sortzea. Eremu handi bat hartzen du barruan eta herri bezala markatu egiten du. Garrantzia hor dagoela uste dut.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide