Lagun Onakek bi partidatan puntu bana eskuratu du

Uztarria.eus 2012ko ira. 3a, 13:00

Hainbat aldaketa izan dira Hirugarren mailako taldean. Entrenatzailea eta haren laguntzailea berriak dira, eta zenbait jokalari ere bai. Aurtengo denboraldian, ez da emakumeen futbol talderik izango Lagun Onaken.

Hasi da Futboleko denboraldia Gizonezkoen Hirugarren mailan, eta Lagun Onak partidarik irabazi ezinda dabil, momentuz. Liga duela bi asteburu hasi zuten, Laudioren zelaian, baina hutsana bukatu, eta puntu batekin itzuli ziren Azpeitira. Herenegun, zapatua, jokatu zuten denboraldiko bigarren norgehiagoka Garmendipen, Bermeoren aurka, eta bana berdindu zuten. Horrenbestez, sailkapeneko hamabigarren postuan dira Asier Olaizolaren mutilak. Datorren astean urteetan jokatu ez duten partida jokatuko dute Lagun Onakek eta Anaitasunak, Txerloian. 

Jokalari berriak

Aldaketa ugari izan da aurten Hirugarren mailako taldean: jokalari berriak daude taldean, eta talde teknikoa ere aldatu egin da. Entrenatzailea Asier Olaizola getariarra da, eta ez da berria Lagun Onaken, aurretik, hiru denboralditan, mutilen bigarren taldea entrenatzen jardun zuen-eta. Bigarren entrenatzailea ere berria da: Fernando Loiola. Aurretik Anaitasunan eta Elgoibarren ibilitakoa da Loiola.

Jokalariei dagokienez, Julen Egaña, Aitor Arregi, Asier Goikoetxea eta Sebastian Rodriguez zarauztarrak, Javi Palacios eta Alex Iriondo donostiarrak, Aitor Zabala zestoarra eta Inazio Otaño azpeitiarra dira berrikuntza nagusiak.

Julen Egaña Realean ibili zen jubeniletan, han ez zioten fitxa berritu eta orain Lagun Onakekin ari da. Realak utzitako jokalarien artean daude, Otaño eta Iriondo. Azpeitiarra jubenil mailako jokalaria da eta Arregi aurreko denboraldian Getariako Ketan aritu zen. Goikoetxeak, Zabalak eta Rodriguezek, berriz, Zarauzko lehen taldean jokatu zuten aurreko denboraldian. 

Nesken talderik ez

Aurten hutsunea izango da Lagun Onaken. Izan ere, denboraldi honetan ez da Lagun Onakeko nesken talderik izango Erregional mailan. Taldea ezin osatuta ibili dira hilabeteotan eta, azkenean, talderik ez ateratzea erabaki dute, jokalari gutxi zirelako taldean. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide