'Jose Mendiague' pastorala Hazparnen jokatuko dute irailaren 8an

Uztarria.eus 2012ko ira. 4a, 20:49

Zuberoako Arrokiagan bitan emana dute, uztailaren 29an eta abuztuaren 5ean, bertsolari eta idazle jatorriz hazpandarraren bizitzan oinarritutako lana. Orain haren sorlekuan taularatuko dute eta Hazparnetik gonbita luzatu dute Azpeitira, ikustera joan nahi dutenentzat. 

Zapatuan, irailaren 8an, egun beteko egitaraua prestatu dute Hazparnen, Arrokiagako herriak antzeztuko duen Jose Mendiague pastoralaren bueltan. Jean Bordaxarrek idatzi duen pastoralaren emanaldia 15:30ean hasiko da, udal pilotalekuan; aurrez, meza eta bazkaria izango dituzte, eta ilunabarrean festa giroko ekitaldiak ere bai. Pastorala ikusteko sarrera 12 eurokoa da.

Alduden jaio zen Jose Mendiague (1845-1937), baina haren gurasoak Hazparnekoak ziren. Ameriketara joan zen hemezortzi urte zituela eta Argentinan, Txilen eta Uruguain bizi izan zen Montevideon hil zen arte. Itsasoaz bestaldean ezagutu zituen Iparragirre, Otxalde eta Otaño. Zazpiak bat liburuan (1900) eta aldizkarietan argitaratutako Mendiageren bertso eta olerkiak Piarres Xarritonek batu zituen 1992an Jose Mendiague, haren bizia eta haren kantuak bilduman.

Jose Mendiague pastoralaren mustraka edo entsegu orokorraren irudiak ikus daitezke Kanalduderen bideo honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide