Azkargortak galdu egin du Boliviako bigarren aroko lehen partidan

Uztarria.eus 2012ko ira. 8a, 14:01

Xabier Azkargorta bart, Ekuadorren.

Ekuador 1-0 nagusitu zaie 2014ko Mundialerako sailkapen faseko partidan.

Bart zuzendu du Xabier Azkargortak (Azpeitia, 1953) Boliviako selekzioa lehen aldiz bere bigarren aroan, 2014ko Mundialerako sailkapen fasean, eta 1-0 galdu dute Ekuadorren aurka. Felipe Caicedok sartu du gola, 73. minutuan, penaltitik.

"Konfiantza handiagoa falta izan zaigu emaitza hobea lortzeko", esan du Azkargortak partida bukatu denean.

Azkenaurreko postuan da Bolivia

Munduko Txapelketarako sailkapena lortzeko bederatzi selekzio ari dira lehian Hego Ameriketan, eta lehen bostek eskuratuko dute txartela. 7. jardunaldia izan dute bart. Bolivia atzenaurreko postuan da.

1. Argentina. 13 puntu (sei partida jokatuta).
2. Txile. 12 puntu (sei partida jokatuta).
3. Ekuador. 12 puntu (sei partida jokatuta).
4. Uruguai. 11 puntu (sei partida jokatuta).
5. Kolonbia. 10 puntu (sei partida jokatuta).
6. Venezuela. 8 puntu (zazpi partida jokatuta).
7. Peru. 6 puntu (sei partida jokatuta).
8. Bolivia. 4 puntu (zazpi partida jokatuta).
9. Paraguai. 4 puntu (sei partida jokatuta).

Asteartean izango dute 8. jardunaldia. Bolivia izango da atsedena hartuko duena. 9. jardunaldia, urriaren 12an; Boliviak Peru hartuko du.

1993-1994an izan zen han lehen aldiz

Joan den uztailean fitxatu zuen Azkargortak Boliviako selekzioarekin. Lehen ere egona zen: 1993-1994 artean. Baita balentria lortu du, selekzioa aurreneko aldiz sailkatu zuelako Mundial batera —AEBetakora—.

Duela bost urte Bolivian izan zenean bisitan, "harrituta" geratu zen harrerarekin. "Maitasuna sentitzen dut uneoro, egoera bakoitzean eta segundo bakoitzean. Orduan jaio gabe zeuden umeek garai hartako kontuez galdetzen didate, euren gurasoek gauzak kontatu dizkietelako".

Toki askotan aritu da entrenatzaile.

 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide